Hierros Servando Eibarrek hirugarren garaipena jarraian eskuratu zuen larunbatean Elgoibarren (19-28). Bi partida irabazi gabe egon eta gero, armaginak garaitzaren bidezidorrera itzuli ziren. Neurketa nahiko gorabeheratsua suertatu zen hasiera batean, baina eibartarrek aldea pixkanaka handitzea lortu zuten bi puntuak zailtasun handirik gabe poltsikoratuz. Hori bai, printzipioz ematen zuena baino gehiago borrokatu behar izan zuten Fernandorenek, helburuzko arrakasta eskuratzeko. “Orokorrean neurketa serioa jokatu dugu, 6:0eko defentsarekin, nahiz eta erasoan oraindik arintasun pixka bat falta den”, zioen kontent entrenatzaileak. Ideia garbiekin pistaratu ziren gureak, joko erakargarria eginez, defentsa sendo eta pitzadura gabekoa erakutsiz. Hegaleko jokalariek erraz zulatzen zuten arerioaren babesa Desabantaila hori sentitu harren, zurigorriak ez ziran kikildu, atsedenaldia baino lehenago suspertuz. Etxekoen aldeko 7-3ko partzialak amaieraldean gauzak estu uzten zituen bigarrenerako. Diferentzia hori handitzen saiatzera irten ziren eibartarrak; kostata baina norgehiagokaren azken herenean lortu zuten xedea. “Nahiko berdinduta egon da lehen zatia,
baina kontraerasoan golak sartzeko aukera asko izan ditugu bigarren zatian egindako defentsa gogorrari esker. Horrek garaipenaren ateak zabaldu digu”. Azken bederatzi minutuetan ez zuten gol bakarra egin elgoibartarrek, horrek garaipena eskura eman zien armaginei, atepean eta defentsan eginiko lan bikainari esker ere noski.
Ezin izan zen pistaratu Mikel Zuloaga, azken unean baja garrantzitsua bilakatuz, baina Lander Casado ederki konpondu zen, Mikelen erasoko aginte makila jasoz eta aurrealdean hau ordezkatzen. 10 gol egin zituen guztira, taldearen herena baino gehiago. 98 gol batzen dituzte bien artean. Ez zen eibartarren baja bakarra izan: Xabi Azkonizagak eta Jon Barruetabeñak ere ez ezin izan zuten Elgoibarren egon. Baina Fernandok ederki jakin zuen nola bete hutsune horrek. Azken orduko Azkonizagan, Barruetabeñan eta Zuloagan bajek, Markel Valencianoren debuta faboratu zuen. Jokin Aja eta Andoni Yarza jubenilek ere minutu batzuk jolasteko aukera izan zituzten.Lan bikaina egin zuten gazteek. Lehen postuan jarraitzen du Hierros Servando Eibar taldeak 15 punturekin, garai hauetan, pasa den denboraldian 6 puntu besterik ez zuten Fernandoren mutilek, aldea nabarmena da ezbairik gabe. Sailkapenean atzetik datorren Anaitasuna izango da Ipuruan hurrengo asteburuan. Lau neurketa jolastu dituzte orain arte, denak irabazi. Baina hori egun batzuk barru…