Asteburu oparoa gure talde seniorrentzat, lau taldeak irabazteko gai izan ziren eta txapelketa hasi bezain laster goialdean kokatzen dira. Joko bikaina erakutsiz, emakumezkoen Arrate Eibar Eskubaloi lehen taldeak aginte makila hartu eta Bera Bera talde indartsua menderatzea lortu zuten gure neskek (28-23). Neurketan sartzea kostatu zitzaien arren, berehalakoan suspertu eta bukaera arte ez zioten arerioari aukerarik eman. Kontent zen Andoni Perez entrenatzailea: “Denboraldi hau hasteko partidu ezin hobea izan da”. Eta ez da harritzekoa, eibartarrek lan zoragarria egin baitzuten. “ Lehia hasiera zaila izan den arren, lehenengo zatiaren erdialdean partiduari buelta eman, indarrez bete eta atsedenaldira biko aldeaz heltzea lortu dugu. Gogor lan eginda diferentzia handitu dute gure neskek bigarren zatian”. Naia de Castro izan zen norgehiagokako goleatzailerik onena 5ekin. Horretaz gain, Leire Treviño eta Malen Ajaren lana atzealdean ere bikaina izan zen, eta zer esanik ez Maialen Insausti atezainaren ekarpena bigarren zatian, taldeak gehien behar zuenean gelditu bikainak egin zituen eta. Esan bezala, armaginek neurketa borobila burutu zuten lehen bi puntuak eskuratzeko. Oztopoak gaindituz, bidea eraiki.
Hala ere, ez zen larunbateko ospakizun bakarra izan, gizonezkoen lehen taldeak ere garaipen itzela lortu zuen, etxetik kanpo, Tarazonaren kontra hain zuzen ere (21-33). Zailtasunak zailtasun, ospe handiko lorpena izan zen gutxi ezagutzen zen talde baten aurka. Ondo hasi zuten norgehiagoka armaginek, nagusi markagailuan lehenengo minututik, ate aurrean fin ez aritzeak markagailuan aldea zabaltzea ukatu zien eibartarrei, gainera, aurretik jartzea lortu zuten zaragozarrek momenturen batean, baina gure mutilak ez ziren kikildu eta bigarren zatian errenta handitzea lortu zuten. “Baja garrantzitsuak genituen arren, erritmo altuan jokatu dugu, hori bai, emaitza parekatuarekin heldu gara atsedenaldira jaurtiketetan ez asmatzeagatik ”, zioen Fernando entrenatzaileak. Esan bezala, deskantsua eta gero esnatu eta alderdi guztietan hobetuz beste bi puntu eskuratu eta taularen goialdean jarraituko du taldeak beste astebetez. “Nire jokalariek egin duten lana eta esfortzua goraipatzea nahiko nuke, Asier Larrañaga, adibidez, ez da 100%ean heldu, hala ere neurketa izugarria burutu du. Baita Lander Casadok eta Axier Gisasolak ere lan egin ondoren autobusean sartu dira bidai luzerako, edota Mikel del Solar atezainaren lana bigarren zatian ere nabarmentzekoa izan da”, pozik zen armaginen misterra. Kontuan hartzekoa ere azpiko taldeetatik datozen jokalarien ekarpena: Aitor Umerez eta Asier Sebastianen golak, hiru eta bat hurrenez hurren, edota Alex Puentek nazional mailan minutuak pilatzen jarraitzen duela. Pasa den jardunaldian 13 izan baziren goleatzaileak, larunbat honetan 12 izan dira ate aurrean fin ibili direnak. Jokalari multzo bikaina eta konpaktua dela erakutsi zuten berriz ere. Goleatzailerik onena Lander Casado izan zen 7rekin eta Jorge Ecenarro ondoren 6rekin.
Seniorreko bigarren taldeek ere garaipen itzela lortu zuten biek, neskak Urola Urzumen kantxan (16-24) eta mutilak, igandean Ipuruan Limpiresol Corazonistasen kontra (23-18). Oso ondo hasi dute liga txapelketa gure talde seniorrak, lana ondo egiten ari diren seinale, hori dela eta, jarrera hau mantentzearekin batera sailkapenaren goialdean bukatzeko aukera izango dute gure neska-mutilek.
- Jubenil neskak J1 Arrate Eibar Eskubaloia 23-20 Bankoa Elgoibar Ipurua
- Jubenil mutilak J1 Arrate Eibar Eskubaloia 25-23 Sima Corazonistas Ipurua
- Kadete neskak J1 Urola Construcciones Antio 12-31 Arrate Eibar Eskubaloia Ispilla kiroldegia, Zumarraga
- Kadete neskak J1 Arrate Eibar Eskubaloia B 23-39 Laña Aloña Mendi Ipurua
- Kadete mutilak J1 Arrate Eibar Eskubaloia 23-11 Sima Corazonistas Ipurua
- Kadete mutilak J2 Urkunde Elgoibar 30-8 Arrate Eibar Eskubaloia Olaizaga kiroldegia, Elgoibar