Liga txapelketan nagusi direla erakutsi zuten beste behin Arrate Eibar Eskubaloi taldeek. Nahiz eta maisutasun gabeko garaipenak izan, lanik zailenetan ere bikain aritzen direla egiaztatu zuten gure neska-mutilek. Emakumezkoek Kukullaga-Etxebarri mendereatu zuten bitartean (22-18), gizonezkoek Inmobiliaria ezker aldea Barakaldo garaitu zuten (28-23), hori bai, nekez eta kostata, hala ere, puntuak etxean geratu ziren eta lidergoan jarraitzen dute biek.
Ez zen izan nesken lehen taldearen garapenik politena, hala ere, asko trabatu zen norgehiagoka aurrera ateratzea lortu zuten. “Ba nahiz eta bi puntuak etxian gelditu partidu nahiko kaxkarra izan da”, zioen Andoni Perez entrenatzaileak behin lehia bukatuta. “Ondo hasi gara, betiko moduan, defentsan sendo eta kontraerasoan golak sartzen, baina hortik aurrera, baloi asko galdu ditugu eta erasoan jaurtiketak huts egin”. Markagailuan hurbildu ziren arren bizkaitarrak, atsedenaldirako berriz zabaldu zuten aldea armaginek. 12-7 atsedenaldian. “Gaizki hasi dugu bigarren zatia eta bi goletara hurbildu dira, hala eta guztiz, aldeari eustea lortu eta bi puntuak eskuratu ditugu, gabonetara lehenengo postuan iritsiz”, kontent zen Andoni. Aurrenak dira eibartarrak 12 punturekin, Bera Bera bigarren da 10ekin. Hiru neurketa besterik ez dira falta fasea bukatzeko eta hurrengo partida urtarrilan izango da Ereintza Aguaplasten kontra, datorren asteburuan atseden hartzea tokatzen zaie eta eibartarrei.
Gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloiak ere asko borrokatutako garaipena poltsikoratu zuen Ipuruan Inmobiliaria ezker aldea Barakaldo taldearen kontra, beheko postuetan sailkatuta bada ere, aurpegia eman eta armaginei zail jarri zizkieten gauzak. Hala ere, duten kalitatea agerian utzi zuten eibartarrek beste astebetez, 11. garaipena eskuratzeko eta lehen postua bermatzeko. Bigarren da Sugraf Zaragoza bost puntu eta neurketa bat gutxiagorekin. “Beste partida bat non arerioak dena ematera derrigortzen gaituena, eta horrek, liga txapelketa ze lehiakorra den erakusten du”, zioen Fernando Fernandez entrenatzaile armaginak. Gainera, talde bizkaitarra goresten du Fernandok. “Gu, liderrak izanik, ezin izan genuen markagailua irauli 40. minuturarte beheko postuetan den talde baten aurka”.
Zoragarri hasi zuten norgehiagoka bizkaitarrek, aginte makila hartuta, bizpahiru goleko aldeaz gozatu zuten lehen zati osoan zehar; eta behin eibartarrak suspertuta, ia bukaerararte eutsi zioten emaitzari. “Barakaldoren partida oso ona izan zen. Goraipatzekoa ere atezainaren gelditu zoragarriak”. Dena dela, luze egin zitzaion lehia talde horiari eta bigarren zatiko aurreneko 15 minututan bi gol sartzea besterik ez zuten lortu, etxekoen harresiarekin behin eta berriz topo eginaz. “Jaurtiketa errez ugari huts egin genituen berriz, baina ez genuen amore eman eta defentsaren lan bikain baten ondoren, erritmoa bizkortu eta markagailua iraultzea lortu genuen”. Lander Casado izan zen norgehiagokako jokalaririk onena 11 gol sartu ondoren. “Lander goraipatzea nahiko nuke, lesioegatik %100 ez bazegoen ere partida bikaina burutu zuen”.
Senior neskak Arrate Eibar Eskubaloia 14-24 Leizaran Ipurua
Senior mutilak Urdaneta 22-21 Arrate Eibar Eskubaloia B Urdaneta kiroldegia, Loiu