Larunbatean, Mek Eibar Eskubaloia Lehen Mailako gizonezkoen taldeak norgehiagoka zirraragarria izan zuen Tragagaranen aurka, 24-24 goleko berdinketarekin amaitu zena. Hasieratik, partidaren ezaugarria intentsitatea eta oreka izan ziren, bi taldeak paretsu mantendu zirelarik. Bigarren zatiko lehen minutuetan, ordea, Tragagaranek 4 goleko aldea lortu zuen baina eibartarrek azkar murriztu zuten aldea.
Defentsa nagusi izan zen neurketan eta Trapagaranek atzekaldean egindako ahalegina izan zela eta, eibartarrek 15 baloi galdu zituzten eta jaurtiketa ugariri egin behar izan zieten aurre, bai 6 metroko lerrotik, baita urrunagotik. Horiek gorabehera, Mek Eibar Eskubaloia taldeak positibotzat jotzen du lortutako puntua, batez ere iaz aurreko bi norgehiagoketan punturik lortu ez zutela gogoratuta.
Emakumezkoen Mek Eibar Zilarrezko Ohorezko Mailak gorabeheraz beteriko jardunaldia bizi izan zuen Etxebarrin Kukullagaren aurka (27-25), azkenean partidua galdu zuten arren. Partidaren hasiera ederra izan zen eibartarrentzat, defentsa sendoa aprobetxatuz eta erasoan eraginkortasunez arituz 1-5 goleko abantailarekin kokatu zirelarik. Une horretatik aurrera, ordea, defentsako kohesioa desagertu egin zen, eta Kukullagak hori gainditzea lortu zuen, atsedenaldirako 17-14ko emaitzarekin heldu zirelarik.
Bigarren zatian, Mek Eibar Eskubaloiak defentsa doitzea lortu zuen eta, 5 minuturen faltan, markagailuan aurretik jartzea lortu. Hala ere, azken bi minutuetan, presaren erruz, partida galdu zuten.