Laugarren garaipena jarraian Hierros Servando Eibar taldearentzat. Urban Cabero Barakaldok aurpegia eman zuen norgehiagoka gehienean, baina gol faltak eta eibartarren ekinak, bi puntuak etxean utzi zituzten (20-14). Jardunaldi arraroa izan zen, bi neurketa besterik ez bai ziren jokatu asteburuan; Ipuruakoaz gain, Ereintza Aguaplast-EasyGas Urduliz partida ere jolastu zen; gainera ez daki inork liga jarraitzerik izango den alarma-egoera honetan.
Dena dela, armaginek ez zuten hutsik egin, etxeko lanak fundamentuz eginda. Nahiko lehia estua suertatu zen, puntu kopuru baxukoa, defentsak eta atezainak nagusi izan ziren une oro. Etxekoek aldea zabaltzea lortu zuten hasierako partean baina barakaldarrak kikildu gabe berdinketaraino eraman zuten neurketa atsedenaldia baino lehen. Zazpina. Bigarren zatia bestelakoa izan zen. Aurretik jarri ziren eta guzti horiak, baina ez zen ispilatze bat besterik izan. Lehendabiziko 15 minututan lehen zatian bezain gol adina sartzea lortu zituzten bi taldeek. Hortik aurrera, Ander Ballesterosen geldituak, defentsa fina eta aurrean zorrotz egoteari esker, garaipena poltsikoratzea lortu zuten gipuzkoarrek: “ Neurketa oso parekatua izan zen. Defentsen eta atezainen lan bikainari esker markagailu arraro bat ikusi genuen. Baina benetan goraipatzekoa Ander Ballesterosen lana, 15 jaurtiketa baino gehiago geldituz; taldearen defentsa ere azpimarratu nahiko nuke, Barakaldo gol bakarra egin bai zuen azkeneko 18 minututan”, nabarmentzen du Fernando entrenatzaileak.
Andres Alonso, Barakaldoko jokalaria bilakatu zen goleatzaile nagusia seirekin; Fernandorenak ordea ondo banatu zituzten golen egileak, Xabier Azkonizaga eta Mikel Zuloaga, berriz ere, laurekin izan ziren ate aurrean hobekien ibili zirenak. “Aurrealdean Azkonizagaren hegaleko lana goraipatzea nahiko nuke. Hori bai, gure erruengatik jasotzen ditugun zigorrak murritzu behar dugu, baita jariakortasun batekin jolastu ere”. Hierros Servando Eibar goialdean finkatzen da porrotik zer den jakin gabe, ezta hemendik aurrera zer gertatuko den ere ez…
ZALETUEI OHARRA
Eskerrak eman nahi dizuegu, larunbatean, Ipuruako kiroldegian ikusten egon zineten zaletu guztiei, Eibar Eskubaloi taldearen partetik. Antolatzaileekin batera izan zenuten jarrera goraipatzekoa izan zen, Covid-19ari dagokion neurriak zorrotz errespetatuz. Ea hurrengo neurketetan ere horrelako adibidea ematen duzuen, egoera hau irauten duen bitartean behintzat. Edozein delarik aldaketa ere, jarraitu beharrezko pausuak argi eduki dezazuen zehazki informatzen jarraituko dugu, dena pandemiaren bilakaeraren arabera noski.
HURRENGO NEURKETA ETA ENTRENAMENDUEI BURUZKO OHARRA
Jokalari, zaletu eta guraso guztiei, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak hala erabakita, kirol federatua bertan behera utzi dela eta, gure azpitalde guztien partidak eta entrenamenduak bertan behera usteko erabakia hartu dugula guk ere, jubenilak barne, jakinaraztea nahi dizuegu. Etete honek Eskubaloi eskolarengan ere eragina edukiko du eta ez da saio gehiagorik egongo. Hiru talde seniorrak entrenatzen jarraituko dute, gainera lehen taldeak lehiaketan jarraituko du Espainiako Eskubaloi Federazioak aurkakoa esan arte.