Ematen duena baino neurketa parekatuagoa suertatu zen Zaragozakoa, hori bai, aragoiarrak ederki gailendu ziren eta merezimendu osoz batu zituzten bi puntuak. Bajek Eibarko taldea kondenatu zuten, baina honek ez zuen amorerik eman. Gol bateko aldea zegoen bien artean atsedenaldian, besterik ez. Hala ere, denborak ez zuen gure jokalarien alde jokatu eta pixkanaka etxekoek diferentzia handitzen joan ziren amaierararte. Mikel Zuloagaren 8 golak, neurketako goleatzailerik onena beste behin, ez ziren nahikoak izan punturik lortzeko. Datorren astean kendu beharko da arantza Alcorta forging group Elgoibar taldearen aurkakoan.
Bi puntu oso garrantzitsu mutilek lortu zutenak ere Ereintza talde errenteriarra garaitu ondoren. 13 punturekin laugarren dira armaginak, hori bai liderrak trapagaranen galdu ondoren lehen postua puntu batetara bakarrik dago. Nagusi izan ziren Fernandoren mutilak 40 minutuetan zehar eta hasierako 8-1 partzialak argi utzi zuen nork eramango zuen aginte-makila lehiaren zehar. Asken hatsean kanpotarrek aldea murriztea lortu bazuten ere etxekoek zoragarri eutsi zioten markagailuari bi puntuak Ipuruan lagatzeko. Aipatu beharra dago berriro ere gure jokalarien gol jarioa beste astebetez, 35 golen langa pasa baitzuten, eta betiko legez, Mikel Zuloaga izan zen goleatzailerik onena 9rekin eta lehen postuan jarraitzen du pitxitxien taulan. Kanpotarren Iker Mugikak ere 9 egin zituen eta gure Garikoitz Viguerak beste zazpi. Lidertza galdu berri duen Casademont Zaragoza izango da hurrengo arerioa, azterketa zaila baina aurrera atera dezaketen proba gure mutilentzat.
Ipuruako partida aztertzen badugu lehendabiziz, historia handirik gabeko lehia izan zen eta hasiera batetik dominatu zuen talde armaginak neurketa. Mikel Zuloagaren 11 eta Alex Puenteren 6 golei esker berehala bideratu zuten partida eibartarrek, hala ere, ordu laurden tardatu zuten, aurpegia eman baitzuten bizkaitarrek eta ederki lehiatzen hasi ziren. Dena den, Fernandoren mutilen kalitatea agerian geratu zen eta aldea zabaltzen joan ziren partida pasa ahala. Nabarmentzekoa izan zen atzelarien lana eta defentsan egindako lan guztia, garaipenaren oinarria izan baitzen. Ez gara nekatuko Mikel Zuloagaren izena aipatzeaz berriro ere goleatzailerik onena izan baitzen eta lehen postuan da ligan gehien sartzen dituztenen artean. Konfiantza berreskuratzeko balio izan duen neurketa, hurrengokoan pentsatzen hasiak dira jada eibartarrak, Egia teila fabrikari egingo dioten bisitan, alegia.
Gizonezkoen neurketa hasiera batean espero zena baino errazagoa suertatu zen. Lehengo minutuetan diferentzia ateratzea pixka bat kostatu zen arren, aldea 5golekoa zen atsedenaldirako. Gehiago zirela erakutsi zuten hasiera batetik eibartarrek eta 60 minutuetan zehar argi geratu zen alde hori. Mikel Guerraren momentu bikaina atepean, defentsa sendo eta gogor bat eta Mikel Zuloagaren golei esker, garaipena erdiestea lortu zuten armagiñek. 9 golen egile, golegileen taularen lehen tokian jarraitzen du Mikelek 34rekin jokatu dituen 4 partidutan. Beti-Onaken aurka Garikoitz Viguera eta Jon Barruetabeña izan zituen Mikelek erasoan laguntzaile, bat 6 golekin eta bestea 5ekin. Taldea toki gorenetan mantentzen duen emaitza eta amesten jarraitzeko irudia, ezbairik gabe. Romo Broker Kirol izango da eibartarren hurrengo oztopo.
Gizonezkoen partidatik hasita esan dezakegu joan-etorriko neurketa izan zela eta bi taldeek izan zituztela irabazteko aukerak, hori bai, armaginak izan ziren puntuetatik gertuen ibili zirenak, azkenean, puntu banaketa. Lehen zatia nahiko parekatua suertatu zen, hasierako minutuetan etxekoak gailendu ziren eta aurretik jartzea lortu zuten, hala ere, markagailua irauli eta aurretik jarri ziren Fernandoren mutilak atsedenaldia heldu baino lehen. Aldageletatik bueltan aldea zabaltzea lortu zuten eibartarrek, baina ezin izan zuten diferentzia mantendu. Bidasoak hori aprobetxatu eta berdinketaraino iritsi zen azken aukera aprobetxatuz. Puntu banaketa azkenean, Bidasoaren filialak 3 ditu orain, armaginek 5. Mikel Zuloaga eta Jon Barruetabeña nabarmendu behar dira beste behin, hala ere, Garikoitz Viguera gehitu behar zaie oraingoan, beste 8 golen egile, alegia. 34tik 24 golek beraien hiruren izen abizenak dituzte. Horri esker, Mikel C multzoko goleatzaileen artean lehena da sailkapenean, 25 egin baititu orain arte. Datorren asteburuan Beti Onak nafarrak bisitatuko du Ipurua.