Karmele Hurtado Grupo Mecalbe jubenil taldeko kapitaina, txikitatik hasi zen eskubaloian, horrezkerotik jo eta su ibili da kantxetan. Orain hilabete batzuk meniskoko lesioa dela eta pistak ustekotan da jokalari gisa, hala ere argi du etorkizunean aulkietan jarriko dela taldeak zuzentzen. Ikasketetan ere buru belarri ari da; konfinamendua belauna errekuperatzeko eta burua azterketetarako prest edukitzeko baliatzen.
Noiz hasi zinen eskubaloian jolasten?
10 urterekin hasi nintzen jolasten eta gaur egun arte. Egia esan, hasieran lagunekin egotearren, baina kadete mailan eskubaloiaz gozatzen eta kirola biziki baloratzen hasi nintzen.
Grupo Mecalbe jubenil taldeko kapitaina zaitugu
Bai, urteak daramatzat nire taldeko kapitaina izaten eta gogoko dut eginkizun hori.
Nola doa zure meniskoko errekuperatzea?
Sei hilabete pasa dira jada eta momentuz nahiko ondo. Gorabeherak izan ditut normala denez, egun batean primeran, hurrengoan minarekin… baina azken finean buruak du eragin handiena, hau da, faltan botatzea lehen eramaten zenuen bizitza oso gogorra da. Zoritxarrez, ez dut uste berriro jokatu ahal izango dudan zirujauak dioenez, baina oraindik irtenbideak bilatzen ari gara.
Konfinamendu ziztrin honekin ez zitzaizun erreza egingo,ez?
Ba ez, gauzak ez dira errazak. Etxean gaude gustuko ditugun gauzak ezin eginda, maite ditugun pertsonak ikusi eta besarkatu gabe; monotoniaz inguratuta gaude, zer gertatuko den jakin gabe.
Nola eramaten ari zara?
Espero baino hobeto eramaten ari naiz. Niretzat onuragarria den ordutegi bat prestatu nuen lehenengo astetik eta egun osoan martxan aritzen naiz. Gainera, denbora aprobetxatzen dut normalean ezin ditudan gauzak egiteko, hala nola, hainbat errezeta prestatu, ekintza berriak probatu, yoga adibidez, edota zenbait pelikula ikusi.
Kirola egitea faltan botatzen al duzu?
Bai. Esan beharra dago nik sei hilabete daramatzatela kirol handirik egin gabe belauna dela eta ez dela, baina hala ere faltan botatzen dut, ez bakarrik egitea, baita ikustea ere.
Hasia zara kalera irteten?
Pare bat aldiz irten naiz bai, baina ez denbora luzez.
Harremanetan jarraitzen al duzu taldekideekin?
Bai, noski. Noizbehinka hitz egiten dugu eta bideo deiak egiten ditugu. Hau dena amaitzerakoan afari bat egiteko asmoa dugu.
Zein da beraien iritzia?
Denak asper-asper eginda daude normala denez, baina esan bezala, lehenago denbora ez zuten gauzak egiten ari dira baita ere.
Zein da epe laburrera daukazun intentzioa?
Duela aste bat amaitu nuen eskubaloiko entrenatzailea izateko kurtsilloa eta ahal dudan bezain pronto ikasitakoa praktikan jartzea da nire asmoa.
Ikasketetan murgildua zaudela ere enteratu gara. Zertan?
Bigarren batxilergoa amaitzen nabil. Azken azterketak eta selektibitatea prestatzen ari naiz.
Eta zer moduz doakizu?
Oso ondo daramatzat. Oso lanpetuta ibili naiz baina dena aurrera eraman dut. Azken finean, nahiko zaila da klase gehienak gure kabuz prestatzea, eta baliabide aldetik ere ez ditugu asko. Espero dut zailtasunik ez izatea selektibitatea egiteko orduan, baina nork daki. Gaur arte ez dugu informazio handirik izan, ezjakintasun handi batean egon gara murgilduta, baina badirudi erantzunak ematen hasiak direla.
Lehengo normaltasunera iritsiko garela uste al duzu? Edo gauzak ondo ez gaudela egiten eta zail izango dugula?
Ez guztiz, ez behintzat momentuz. Luze eramango gaitu normaltasunera iristeak. Arlo gehienetan arazo larriak daude, eta ez dira egun batetik bestera konponduko.Baita gauzak ez direla behar bezain ondo egiten ari. Jendeak nahi duena egiten du, beraiengan soilik pentsatzen. Agian oraindik ez dira konturatu arazoaren seriotasunaz.
Zer deritzozu lehiaketa guztiak bertan behera usteaz?Ados?
Argi dago oso arriskutsua izango zela lehiaketak berriz ere martxan jartzea, baina nire aburuz presazko erabakiak hartu dituzte. Edozein erabakirekin desadostasunak eta bidegabekeriak egongo dira, baina agian beste bide batzuk planteatu ahal daitezke.
Irailerako beste denboraldi bat hasi ahalko dela uste al duzu?
Ez dut uste. Eskubaloia kontaktu askoko kirola da, eta ez da erraza izango normaltasunera itzultzea. Beharbada, azarorako itzuli ahalko gara.
You must be logged in to post a comment.