Jon Cid Mateos 24 urteko ermuko gazte bat eta eskubaloi oinarritik hasi zen norgehiagokak epai lanean, lehenengo maila nazionalera iristeraino, egin duen lan eskergari eta asteburuetako sufrimenduari esker. Lanean gehien gustatzen zaionaz mintzo da, baita nola eramaten ari den konfinamendua, bere lankidea goraipatzen du eta txapelketak bertan behera uzteaz ere aritu da.
Noiz hasi zinen epaile lanetan?
Orain dela 10 denboraldi, Ermuko eskola kiroletan.
Ze mailetan aritu zara epaile moduan?
Maila guztietan ibili naiz; oinarritik, lehen maila nazionalera.
Non zaude orain?
Lehen nazionalean epaitu dut aurtengo denboraldian, dena gelditu den arte.
Aritu al zara eskubaloian jokalari bezala?
Bai noski. Infantiletako lehen urtean JD Arrate taldean hasi nintzen jolasten. Bi urte infantiletan eta beste bi kadeteetan taldea desegin zen arte. Banabilen epaile lanetan, baina egoera ikusita, jolasteari utzi eta epaile izateari ekin nion buru belarri, bi lanak uztartzea ia ezinezkoa zen.
Zein izan zen epaile izateko hartu zenuen erabaki nagusia?
Errebotez izan zen egia esanda. Nire arrebaren eskubaloi lehen partida ikustera joan nintzen. Momentu hartan ez zegoen epailerik eta JD Arrate taldearen txandala jantzita nuenez ea neurketa epaitzerik nuen galdetu zidaten. Onartu eta horrezkerotik norgehiagoka ugaritan aritu naiz.
Zer da lan honetan gehien gustatzen zaizuna?
Lehia guztiak beste ikuspuntu batetik ikustea. Ezberdina oso aulkitik edo harmailetatik ikus ahal daitekeenaz. Partida parekatu batek sortzen didan adrenalina maite dut, baita ere nire lana ondo egin dudala jakiteak.
Nor ala nortzuk dituzu erreferente moduan?
Gude Prego anaiak izan dira nire betiko erreferenteak. Hasieratik lagundu ziguten beraien eskuzabaltasuna erakutsiz eta laguntza hori gure aurrerapenarekin bat etorri da. Epaile lana baino askoz gehiago erakutsi digute eta plazer handia izan da guretzat alboan edukitzea gure bidean bi anaiak.
Zein da zure ustez pistetan duzun bertuterik handiena?
Jokalariekin lasai elkarrizketan jardutea atsegin dut. Ez zaigu sekula agintzea gustatu eta kirolariekin harreman ona mantentzeak (ahal denarekin noski, jajaja), neurketak errazago eramatea lagundu digu.
Eta eskasena?
Ezagunekin pistan elkartzea. Betidanik kostatu izan zaigu taldekide ohi edota lagun onei epaitzea. Eta beraien artean lehiatzea tokatzen bazaie are eta okerrago.
Nola animatu daitezke gaur eguneko gazteak epaile izatera?
Hasiberriei beti berdina esaten diet kurtsoetan. Probatu beharra daukazu, engantxatzen bukatuko duzu zure burua probatu ezkero.
Kontaiguzu pistetan duzun anekdotaren bat
Sinesgaitza badirudi ere, Malagan orain dela urte batzuk txapelketa bat epaitzen ari ginen bitartean, jokalari bati, partidaren erdian estupefazientez beteriko pote bat erori zitzaion nonbaitetik, zeharo harriturik gelditu ginen han elkartuta geunden guztiak.
Andoaingo lankidea duzu. Nola moldatzen zarete elkar?
David anaiatzat dut. Zure lankidearekin duzun hartu emana pistetan egiten duzun lanean igartzen da. Ordu asko pasatzen dugu elkarrekin, bidai ordu ugari, norgehiagokak, asteburu oso azken finean… El Rubio-rekin, maitasunez deitzen diodan bezala. Ez bazara zure lankidearekin ondo eramaten, egoera aguanta ezina bilakatzen da, pertsona horrekin zenbat ordu pasatuko nituzkeen pentsatzea besterik ez dago konturatzeko… nik ez nuen egingo, jajaja.
Noiz arte txilibituakin ahoan?
Uste dut ez dudala sekula nire buruari hori galdetu… hori galdetzen hasten naizenean biziki arduratzen hasiko naiz, eskubaloia ustekotan egongo nintzateke.
Nola daramazu ditxosozko konfinamendua?
Uste nuen baino hobeago. Lana edota bidaiak direla eta geldirik egoten ez den pertsona naiz. Hasiera baten ez nintzen gustura sentitzen baina etxetik lan egiten jarraitzeak asko lagundu dit. Ez dut aspertzeko astirik izan.
Forma onean mantentzen al zara?
Horren beldur egon nintzen konfinamendu hasieran, forma ona galtzearenaz. Hori dela eta egunero kirola egiten saiatu naiz. Proba fisikoak oin bertan bagenitu erraz gaindituko genituzke, CTA-k (Epaile teknikoen batzordea) bidali bai zizkigun ariketa fisiko ugari.
Txapelketa guztiak bertan behera ustearekin ados?
Asko pentsatutako eta guztiz beharrezko erabakia izan zen profesionalen eskutik, segurtasuna eta osasuna egon behar dira guztien gainetik nire ustez, eskubaloia bezalako kontaktuzko kirolean batez ere. Erabaki zuzena.
Noiz bueltatuko gara berriz?
Ez dut uste 20/21 denboraldia normaltasunez hasiko ahal dugunik. Hala ere ziur naiz argibideak izango ditugula laster.
You must be logged in to post a comment.