Eibar Eskubaloiak, bere taldeen etxeko neurketak Streaming bidez Youtube webgunean zuzenean ematen hasi dira aurten. Bizi dugun egoera dela eta, goi mailakoak besterik ez dira kantxaratzen ari asteburuetan, hortaz bere lehiak bakarrik ikus ditzakegu. Denboraldi hasieran jubenilen edota kadeteen norgehiagokak ikusteko aukera ere egon zen; lehiaketara itzultzen direnean gure talde guztiak, emanaldi horietara gehituko dira. Mikel Guerra eibartarrak adibidez, bere aletxoa jarri du animazio batzuk sortuaz. Horretaz gain, Eibar Eskubaloiko irudiari bizia eman dio gauden garaira moldatuz, sarean dinamikotasuna emanez. “Orain arte, Eibar Eskubaloi taldeko logoa animatu dut, bestalde, Streaming bidez ematen hasi garen partidetan ere animazioren bat egin dut”. Mikelek ikasi duena praktikan jartzen saiatzen ari da, baina bidea ez da xamurra bere bezalako hasiberri batentzat noski. “Diseinu grafikoko ikasketak bukatu berri ditut eta orain nire kabuz diseinatzaile grafiko eta ilustratzaile digitaleko lanak egiten hasi naiz. Enpresetako logoak, flyerrak, bisita txartelak, erretratuak, iragarki laburrak egiteko animazio pixkat ere adibidez, eta abar”.
Geroz eta garrantzitsuagoa bilakatzen ari da gure arteko komunikazioa. Gaur egun, munduko edozein partetako pertsona batekin komunikatu gaitezke klik soil bat eginez. Informazio elkartruke horrek, eta bereziki giza faktore horiei esker, diseinatzaile grafikoen lana ezinbesteko bilakatzen ari, Mikelek hori aprobetxatu nahi du, pertsonei bizia erraztuz: “Pixkanaka pixkanaka jendeak nire diseinu eta lanak ezagutzea gustatuko litzaidake, horretarako gehien bat @guerramikel instagrama erabiltzen dut. Beste helburu batzuen artean, lan egiten dudan bitartean, karreran ikasitako diseinatzeko eta ilustratzeko gaitasuna hobetzea; bezeroen eskaerak nire gaitasunen barruan ahalik eta hoberen asetzea dira”. Lan bat irteten zaionean buru belarri sartzen da bertan, beharraz gozatuz gainera. “Nola proiektu bat, idei ez zehatz batetik sortzen den eta emaitzara heltzeko prozesua asko gustatzen zait, edo nola orri txuri batetik lan bat sortzen den baita ere”. XXI. mende gauden honetan ezin bestekoa bilakatu da gainera komunikazioa sarean zehar, mundu digitalak kriston garrantzia du 2020an, geroz eta handiagoa. Azken urteetan, diseinuen konposizioa eta produkzioa zeharo aldatu dira ezbairik gabe.
Hortaz aparte, ondo ezagutzen du Mikelek eskubaloia gainera. Hierros Servando Eibar Bn ari da momentu honetan atezain modura. Orain dela bi denboraldi eta baita aurreko bukatu gabean ere lehen taldearekin jokatzeko aukera izan zuen. Zirraraz beraien bide zoragarria ikusita. “Aurten fitxaketa onak egin dituzte, erasoa nahiz defentsa asko gogortuz. Hasiera oso ona eduki dute eta seguruenik sailkapenean nahiko goian ibiliko direla, edota igoerako fasera joateko aukera eduki ere, horrela jarraitzen badute behintzat”. Bizi dugun pandemia latzak, talde guztiak lehiarik jolastu gabe utzi ditu. Inoiz ez bizitako egoera berezia den harren, gure protagonistak ez du ilusioa galdu. “Nahiz eta bigarren taldean Covid-aren erruarengatik liga ezin hasi eta ezin entrenatu, gogo askorekin ikusten ditut taldekideak eta prest liga hasten denerako. Ni, pertsonalki irrikitan nago berriz ere entrenatzen hasteko eta ligari hasiera emateko”. Ea ba dena ondo joaten den eta 2021. urtean gauzak hobetzen diren, ezin badira gauzak lehengora itzuli, gure bizitzak hobetu daitezen behintzat.