Helburua lortzetik puntu bakarrera da gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloia eta Beti-Onaken pistan lortu dezake puntu hori. Norgehiagoka larunbatean jokatuko da arratsaldeko 17:00etan Atarrabiako Hermanos Indurain udal kiroldegian. 10. da talde nafarra sailkapenean 23 punturekin eta denboraldia ia bukatutzat eman dezakete etxekoek, jomuga gabe geratu baitira. Eibartarrek, ordea, egutegi zaila hasi baino lehen lortu nahi dute igoera faserako sailkatzea eta asteburu honetan daukate aukera paregabea. Kontutan hartu behar dugu liga txapelketako 24 neurketatik bakarra ez dutela galdu armaginek. Lehen itzulian ere erraz menderatu zuten talde nafarra. Dena alde daukate, beraz, helburua lehen bai lehen eskuratzeko eta hurrengokoan pentsatzen hasteko, lehen postuari eustea eta liga irabaztea, alegia.
Emakumezkoek ere hitzordu garrantzitsua daukate larunbatean Ipuruan arratsaldeko 18:30etan Lema Transit Askartza taldearen kontra. Bigarrenak dira eibartarrak taulan eta beraien esku dago sailkapena lortzea, hori bai, ez da batere erraza izango, hiru final geratzen zaizkie eta, lehena asteburu honetan, etxeko azken partida. Gogoratu beharra dago bi puntura dela Bera Bera eta donostiarrak izango direla arerio nagusiak, hori bai, liderraren aurka aritu behar dira oraindik. Dena dela, lehen itzulian nagusitasunez gailendu ziren eibartarrak Bizkaian eta azken emaitza errepikatzeko ahaleginetan arituko dira neskak. Hala ere, ez da erronka erreza izango helburu finala lortzea eta gogor saiatu beharko dira armaginak azken partidetan.