28.jardunaldia gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloi taldearentzat, nahiz eta igoera faserako sailkatuak egon, motorrak berotzeko baliatzen ari dira azken neurketa hauexek. Uharte taldearen bisita jasoko dute Ipuruan oraingotan, larunbatean arratsaldeko 18:30etan jokatuko den partidan, hain zuzen ere. Behin ligako helburuak beteta, azken fasean pentsatzen ari dira eibartarrak buru belarri. Iazko arantza ateratzeko garaia dela uste dute armaginek eta gogotsu saiatuko dira, baina lehenago aipatu bezala, hiru jardunaldi geratzen dira oraindik liga txapelketa bukatzeko, beraz, denbora badago gauza handietan pentsatzeko.
Emakumezkoen lehen taldea ere igoera fasea prestatzen ari da eta aste honetan bertan ezagutu ditu lehiaketako arerioak. C multzoan kokatzea tokatu zaie eibartarrei, hau da, Zaragozan eta etxeko Imdeam La Jota, Balonmano Montequinto eta Eon Horneo Alicante izango ditu etsai maiatzak 13tik 15era jokatuko den txapelketan. Aurkari gogorrak ez bairik gabe, hala ere, gure neskek ez dute beldurrik eta ezustekoa ematen saiatuko dira lehen postua eskuratuta. Zilarrezko mailarako igoera dago jokoan eta erronka zinez latza den arren, orain arte erakutsi duten maila agerian uzten badute edozer lortzeko kapazak dira armaginak.