Bueltan da liga txapelketa emakumezkoen Arrate Eibar Eskubaloiarentzat bi asteburu jarraian atseden hartu eta gero. Ereintza Aguaplast izango da armagiñen arerio, eta lehia, errenteriako Galtzaraborda udal kiroldegian jokatuko da larunbatean arratsaldeko 16:00etan. “Ondo heltzen da taldea. Gauza ezberdinak lantzeko balio izan digute bi astea hauek, ez dugu denbora galdu”, prest dira Andoni Perezen jokalariak. Laugarren jardunaldia den arren, hirugarren neurketa da eibartarrentzat, pasa den astekoa Urbil Usurbilen aurka bertan behera geratu baitzen. Usurbildarrek uko egin diote jolasteari, hortaz, sei talde geratzen dira A multzoan. Lehen postuan dira gure neskak lau punturekin; Ereintza Aguaplast, aldiz, hirugarren da birekin, partida bakarra jolastu baitu. Hori bai, Kukullaga Etxebarri menderatu ondoren, beraz, norgehiagoka estua eta polita izango delakoan gara denok. “Neurketa zaila espero dugu, Ereintza aurkari gogorra da eta, batez ere, etxean, hori dela eta, kontzentratuta egon behar gara une oro eta erasoan ditugun aukerak aprobetxatzen jakin, bi puntuak eibarrera ekarri nahi baditugu”, gogoz da Andoni, baina ez da fio. Jokalari guztiak bidaiatzekotan izango dira taldeak ez du eta bajarik.
Gizonezkoen Arrate Eibar Eskubaloiak Jacar San Antonio jasoko du Ipuruan larunbatean arratsaldeko 18:30etan. Sailkapenaren erdi partean da talde nafarra lau punturekin. Gol batengaitik bakarrik gailendu ziren etxeko taldeak iazko bi norgehiagoketan, beraz, lehia parekatua espero da aurten ere. Horretaz aparte, multzoko goleatzailerik onena geldiarazteko erronka izango du defentsa armagiñak, Oier Berasategik 47 gol egin baititu bost neurketetan, hau da, batezbeste 9.4. Ez da lan makala izango.
Gogoratu beharra dago zuzenean ikusgai izango duzuela Ipuruako neurketa, taldearen Youtube kanalean Axel Riaño esatari dela. Gainera, gure bi lehen taldeez gain, kadete mutilen bigarren taldeak lagunartekoa jokatuko du Ipuruan larunbatean arratsaldeko 16:30etan; Barakaldo izango da arerio.