Atseden hartu eta gero bueltan dira emakumezkoen bi Arrate Eibar Eskubaloi talde nagusiak larunbatean. Filialak Orioko Karela kiroldegian, Mirotza Orioren aurka, arratsaldeko 18:15etan arituko den bitartean, lehen taldeak Urdaibai Bilboats jasoko du Ipuruan 18:30etan. 13 punturekin bigarrenak dira armaginak, lehena den Omega Peripherals Basauri bi puntura dutelarik eta hirugarrena den Bera Bera ere bi puntura, baina azpitik. Beraz, bi puntu oso garrantzitsu bigarren postuari eusteko. Talde bizkaitarrak, ordea, 4 puntu batu ditu orain arte eta beheko posizioetan da. Erronka errez xamar ikusten den arren, eibartarrak ezin dira fidatu eta lehen minututik garaipenaren bila irten beharko dira. Mutilak, aldiz, etxetik at arituko dira, nafarroan hain zuzen ere.
Esan bezala, lehen taldeak Jacar San Antonioren pistan jokatuko du, Sarrigurengo Santa Maria La Realeko eskolaren kiroldegian larunbatean 18:30etan. Puntuekiko bi talde hauen artean dagoen aldea izugarria da, 11 besterik ez ditu lortu eta talde nafarrak orain arte. Eibartarrak, aldiz, lidergoan dira 29rekin. Hori bai, armaginak ezin dira fidatu, neskak bezala gogor aritu behar dira gehiegi konfiatu gabe. Ez dira urte fina egiten ari etxekoak eta porrot gehiago jasan dute beraien pistan garaipenak lortu baino. Joaneko norgehiagokako emaitzak ere armaginen alde egiten du, Ipuruan erraz nagusitu baitziren gipuzkoarrak, gainera, 19 goletan utzi zuten arerioa. Hala eta guztiz, kontuz ibili beharko dira Fernandoren mutilak David Ventura eta Oier Berasategirekin, ligako goleatzailerik nagusienetarikoak baitira. Gizonezkoen bigarren taldea, berriz, kopa garaipenaren ajearekin itzultzen dira jaitsiera fasera eta Urdaibai Isabel bizkaitarren bisita jasoko dute larunbatean arratsaldeko 16:30. Gogoratu Ipuruan jokatzen diren neurketa guztiak Eibar Eskubaloiaren Youtube kanalean zuzenean ikusgai edukiko dituzuela.