Heldu da asteburu handia. Bigarren urtez jarraian gizonezkoen goi mailako Arrate Eibar Eskubaloi taldeak zilarrezko mailara igotzeko fasea jokatuko du. Baina aurten abantaila batekin, etxean jokatzen dela lehiaketa eta eibartarren bultzada izango dutela jokalariak. Ostiraletik aurrera, iganderaino iraungo den txapelketan, armaginek balentria egin dezakete eta zilarrezko zerua ukitu iaz eutsi eta tati geratu baitziren. Hala ere, ez da lan erreza izango eta gogotsu borrokatu beharko dute lehen postua lortzeko. Eibartarrek aste-bukaeran aurkituko dituzten arerioak OAR Gracia Sabadell, Balonmano Ikasa eta CB Santoña izango dira. Nor baino nor zailagoak.
Debuta ostiral arratsaldean egingo dute Fernandoren mutilek eta OAR Gracia Sabadell talde kataluniarra izango da lehen arri koxkorra bidean, eta baliteke zailena izatea, Nazionaleko multzorik gogorrenetarikoa da eta kataluniarra. Lehen jardunaldiko bigarren neurketa izango da eta 19:45etan da hastekoa. Bigarren geratu ziren sabadelldarrak aurrerago aipatutako D multzoan hirugarren postutik puntu bat gorago, nahiz eta ligako azken neurketa galdu, etxeko lanak eginak zeuden. Nil Montserrat, Joaquim Vaillo edota Correro anaiak, Bernat eta Guillen dira orlegien jokalaririk arriskutsuenak. Larunbatean 18:45etan Balonmano Ikasa talde madrildarra izango da armaginen bigarren traba. Gure mutilek bezala, hauek ere liga txapelketa lehen postuan bukatzea lortu zuten, 25 garaipenekin jaun eta jabe izan ziren F multzoan. Ez daukate arreta deitzen duen goleatzailerik, hala eta guztiz talde bezala arriskutsua dela ziur. Kontuz ibili beharko dira gipuzkoarrak Santiago Echevarria, Marcos Aliguella, Jaime Fernandez edota Adria Cumplido moduko jokalariekin. Eta igande goizean hirugarren eta azken etsaia goizeko 12:30etan, CB Santoña izango da gure aurkaria hain zuzen ere. Denboraldi zoragarria burutu du talde kantabriarrak, nahiz eta azken jardunaldian, armaginek bezala, lehen porrota jasan, eta bide batez lehen postua galdu, ezin dira fidatu eibartarrak hala ere, dena jokoan egon liteke eta. Cristian Postigo, Lluis Pla, Guillermo Herrero eta Agustin Marcos dira kantabriarren jokalaririk arriskutsuenak.
Ipuruako kiroldegia goraino betetzen saiatu behar gara Arrate Eibar Eskubaloiari azken bultzada emateko denboraldiko momenturik garrantzitsuenean. Denok batera lortu dugu zilarrezko mailara igotzea. Gogoratu beharra dago neurketa guztiak taldearen Youtube kanalean zuzenean ikusgai egongo direla Ipuruara animatzera ezin daitekenarentzat. Animo ba mutilak!