Larunbatean arituko dira Mecalbe Eibar Eskubaloi talde gorenak. Emakumezkoak Ipuruan jokatuko dute Lauko Ermuko Errotabarriren kontra arratsaldeko 18:30etan. Sailkapenaren erdialdean dira bizkaitarrak 23 punturekin, hori bai puntu bakarra eskuratu dute azken hiru neurketetan eta hori aprobetxatu beharra dago, etxeko lanak azken jardunaldirako ez uzteko. Hiru jardunaldi besterik ez dira geratzen eta azkenean Lagunaken bisita jasotzen dute Ipuruan. Lehen itzulian arazo handirik gabe gailendu ziren ermuarrak, hala ere, bestelakoa espero da larunbateko norgehiagoka. Goleatzaile onenen artean Cristina Vivar eta Mirene Moreno daukate kanpotarrek, beraz hurbil zaindu beharreko jokalariak.
Gizonezkoak, bestalde etxetik at jokatuko dute, hala ere, bidai motza tokatzen da oraingo honetan, Alcorta Forging group Elgoibarren kantxan, hain zuzen ere. Olaizaga kiroldegian dute hitzordua larunbatean arratsaldeko 19:30etan. Azkenak dira zurigorriak sailkapenean bi garaipenekin besterik ez, zailtasun gutxiko neurketa ematen duen arren, ezin dira fidatu armaginak. Lehen itzulian ez zuten gupidarik eduki eibartarrek. Markel Orbea da etxekoen jokalaririk goleatzaileena.