Bueltan da eskubaloia. Hierros Servando Eibar taldea kantxaratzekotan da berriz larunbat honetan, asteburu bat jokatu gabe egon eta gero. Uharte menderatzea izango dute eibartarrek helburutzat. Ugarrandia kiroldegian ikusiko dute elkar arratsaldeko 6:30etan. Zazpi neurketa jolastu dituzte orain arte nafarrek, sei puntu lortuaz, hiru garaipen eta lau porrot. Gorabehera askorekin hasi dute txapelketa ezbairik gabe.Baina Fernando ez da fio: “Iazko denboraldiarekin aldaratuta, baja bat edo beste duten arren, talde alaia eta azkarra jarraitzen da izaten”.
Ezin izan dute pista honetan punturik atera eibartarrek sekula eta madarikazio hori apurtzera bidaiatzekotan dira. Punturen bat lortzeko pista zaila da, baina nafarrek bizi duten egoera aprobetxatzen saiatuko dira gureak, nahiz eta Covid-19 dela eta ez dela, hasieran zuten aritze hori zertxobait galdu duten: “Bi entrenamendu bakarrik egin ditugu 15 egunetan, baina azken asteetako maila eman eta lehiakorrak izango garela espero dut”. Neurketa prestatzeko denbora gutxi eduki arren, armaginek lidertzan duten abantaila handitzeko asmoz doaz Uhartera. 15 punturekin lehen postuan dira, Helvetia Anaitasuna, Ereintza Aguaplast eta Easygas Urduliz taldeak baino hiru puntu gehiagorekin. Hori bai, gogoratu beharra dago Anaitasunak, armaginak baino hiru neurketa gutxiago jokatu dituztela.
Mikel Etxeberria eta Iosu Longas dira taldeko goleatzailerik onenak eta arreta berezia jarri beharko die defentsa armaginak. Hala eta guztiz gogotsu dira eibartarrak lehiara itzultzeko eta hori nabari da jokalarien zainetan: “Lehiaketara itzultzeko gogo bizia daukagu, 10 egunez geldirik egon eta gero”. Norgehiagoka Streaming bidez jarraitzeko aukera izango dugu Hierros Servando Eibarreko zaletu guztiak, Uharte taldearen Youtube kanalean hain zuzen ere.