Hierros Servando Eibar taldeak Ereintza Aguaplasten bisita jasoko du larunbatean arratsaldeko 6etan Ipuruako kiroldegian. Urte arraro honen azken hitzordua da bi taldeentzat printzipioz eta amaiera ezin hobea eman nahi diote Fernandorenek, bi puntuak poltsikoratuz eta bide batez, 2021 urtera lehen postuan iritsiz.
Bakarra izan ezik, partida guztiak jokatzeko aukera izan dituzte errenteriarrek, eibartarrekin batera jardunaldi gehien jolastu dituztenak dira 10kin. Laugarren postuan dira 12 punturekin, armaginak baino hiru gutxiago. Norgehiagoka bakarrean elkartu ziren iaz bi taldeak. Errenterian hain zuzen ere, garaipena etxean geratuz. Eibarko azken lehian ere Ereintza nagusitu zen orain dela bi denboraldi. Partidu biziak jokatzen ohituta dagoen taldea da eta Ander Arruti dute goleatzaile nagusiena.
Ez da erronka erraza izango armaginentzat, baina lidergoari eusteko kantxaratuko dira. Argi du Fernandok zailtasun asko edukiko dituztela larunbatean baina motibatuta agertzen da, jokalari guztiak bezala: “Ez da partida xamurra izango, goian bukatzeko faboritoenetariko bat da Ereintza. Inor ez da iristen bere momenturik onenean baina azken bi puntuak eskuratzea nahi ditugu, 2021. urtea ahalik eta motibatuen hasteko, goiko postuetan jarraitzeko ilusioarekin”. Mikel Zuloagaren baja garrantzitsua izango du taldeak, baita igo berria den Jokin Ajarena ere, espainiako selekzioak antolatu dituen jarduera berezietara gonbidatuta bai dago. Zorionak Jokin!