Jardunaldi berri bat Mecalbe Eibar Eskubaloi lehen taldeentzat, bosgarrena bientzat, alegia. Gizonezkoek Romo Broker Kirol bisitatuko duten bitartean igandean goizeko 12:15etan Gobela kiroldegian, emakumezkoek Gurpea Beti-Onak Azparren Gestion jasoko dute Ipuruan larunbatean arratsaldeko 8etan. Ez dira lan samurrak izango eibartarrentzat, hala ere, batzuk bolada ona aprobetxatu nahiko dute eta besteek bigarren garaipena lortu, lehena ipuruan.
Ez dute liga ondo hasi gure neskek, hala eta guztiz, talde nafarra ez da oso fin aritu lehendabiziko partidetan, aurrenekoa irabaztea lortu zuen Kukullaga-Etxebarriren aurka, baina jokatu dituen hurrengoko neurketak galdu egin ditu, beraz, bi punturekin berdinduta dauden bi taldeak arituko dira nor baino nor. Gol gutxi egin dituzten bi ekipo dira, bai nafarrak eta baita eibartarrak ere bai, defentsan oinarritzen baitute beraien jokoa batipat, dena den, tentuz ibili beharko dira armaginak Jaione Goienetxe edo Itxaso Zulaika bezalako jokalari erasokorrekin. Baina gauza guztien gainetik ezin da ahaztu armaginen arerioa liga irabazi zuela iaz partidu guztiak irabazita, beraz kaxkar hasi badute ere txapelketa, zailtasun handiko etsaia gure taldearentzat.
Gizonezkoek aldiz ratxa onari jarraipena ematera bidaiatuko dute Erromora. Hasiera batean kontrario ez hain gogorra ematen duen arren, kontuz ibili beharko dira Fernandoren mutilak bi puntuak etxera ekartzea nahi badute. Ez dute gaizki hasi denboraldia bizkaitarrek, bost puntu eskuratu dituzte orain arte eta zazpigarren tokian dira eibartarrengandik bi puntutara. Gustavo Ariel Delgado eta Adrian Juarez dira etxekoen goleatzailerik onenak. Bien arteko aurrekariei begiratzen badiogu ikusi dezakegu lau urte daramatela bizkaitarrek eibartarrak gainditu gabe eta urteak pasa ahala zailago egiten zaie gure mutilei irabaztea. Dena den, armaginak ez dira fidatuko eta irabaztera kantxaratuko dira lehen minututik. Gogoratu beharra dago ipuruan jokatuko diren gure taldean neurketak Eibar Eskubaloiko Youtube kanal ofizialean zuzenean ikusgai egongo direla.