Bigarren itzuliko lehen neurketa Hierros Servando Eibar taldearentzat, bederatzi egunen barruan hirugarrena etxean. Asfaltos Redondo Solozabal Navarrete izango da arerio, larunbatean 18:30tan jokatuko den norgehiagokan. Azken aurren dira errioxarrak bost punturekin eta ez dira iristen momenturik onenean. Azken 12 lehiatik, bakarra besterik ez dute irabazi, kontrarioak aurkeztu ezin izan zirelako. Oso erraz gailendu ziren eibartarrak lehen itzulian jokatutako partidan. Bolada onari jarraipena eman nahi dio Fernandoren taldeak. Hirugarren garaipenaren bila irtengo dira.
Ez da lehen itzulian bezain erraza izango, hala eta guztiz itxaropentsu eta gogotsu dira armaginak. Inoizko jokorik ederrena egiten ari da taldea, atzealdean fin, erasoan zorrotz. Bigarren da sailkapenean eta goiko postuei eusteko asmotan dira jokalariak. Duten maila mantentzen badute, ez da arazo larregirik egongo. Hori bai, Eduardo Hernandez edo Juan Lopez de Luzuriaga jokalariei arreta berezia jarri beharko diete, talde errioxarraren goleatzailerik onenak bai dira.
Hitzordu gehiago zeuden programatuta Eibarko taldeentzat,baina hiria oraindik eremu gorrian denez bertan behera ustekotan dira. Hauexek:
- Senior Grupo Mecalbe Eibar-Ordizia Biok2 Lar 16:30 Ipuruan
- Jubenila Hierros Servando Eibar-Deca Elgoibar Iga 10:00 Ipuruan
- Jubenila Hettich ZKE-Hierros Servando Eibar B Lar 12:00 Zarautzko Udal kiroldegian
- Jubenila Grupo Mecalbe Eibar-Consulting Alaves Iga 11:30 Ipurua