Balio askoko beste bi puntu eskuratu zituen Arrate Eibar Eskubaloiak aste buru honetan Egia Teila Fabrika taldearen kantxan (23-34). Hirugarren dira eibarrarrak 9 punturekin, Helvetia Anaitasuna eta Trapagaran taldeen azpian eta galdu gabe jarraitzen dute gure mutilek. Larunbatean nagusitasun osoz gailendu ziren, hasieratik joko ikusgarria eginez, ez zioten aurkariari aukerarik eman. “Oso kontzentratuta hasi dugu neurketa, instentsitate handiarekin, hori dela eta, markagailuan berehala zabaldu dugu aldea atsedenaldira 10-20 iritsiz”, zioen Fernando Fernandez entrenatzaileak. Ildo beretik jarraitu zuen bigarren zatiak, aginte makila hartuta armaginak, aldea zabaltzea lortu zuten, donostiarrak zailtasun handirik gabe menderatuz. “Tolosaren aurkakoarekin alderatuta, diferentziak mantentzea lortu ditugu bigarren zatian”, kontent zen Fernando taldeak erakutsitako jarrerarekin.
Eskubaloi festa polita bizi izan zuten Egiako kiroldegira gerturatu zirenak. Kirol hau zaletu gabe ez litzateke ezer izango eta donostiarrek eskubaloia gozatzen dutela erakutsi zuten beste behin larunbatean. “Jende pila gerturatu da gaur eta izugarrizko giroa zegoen kantxan”. Hauexek izan ziren Fernandoren lehenengo hitzak norgehiagoka bukatuta. Hala ere, ez ziren kikildu eibartarrak eta nagusiki menderatu zuten Egia. “Egiaren pistan emaitz hau lortzea lorpen izugarria da, eta horrek talde guztiaren kontzentrazio, intentsitate eta joko bikaina adierazten du”. Armaginen aldetik hamaika jokalarik gutxienez gol bat sartzea lortu zuten, taldearen maila agerian utziz berriro ere. Lehiako goleatzaile nagusia etxeko Mikel Royo izan bazen ere, Mikel Zuloaga (6), Jon Barruetabeña (6) edota Lander Casado (5) jokalarien artean, besteak beste, aldea zabaldu eta larritasun gabe egin ziren bi puntuekin.
Gizonezkoen bigarren taldeak ezin izan zuen garaipena lortu etxean Urdanetaren kontra (26-30) eta laugarren dira orain gure mutilak liderra bi puntura dutelarik. Datorren asteburuan jai izango dute armaginek eta azaroan itzuliko dira Txikipolit taldearen pistan. Emakumezkoen lehen taldeak, aldiz, bigarren astez jarraian atseden hartu zuten bitartean, bigarren taldeak porrota pairatu zuen Ipuruan Mirotza Orioren aurka (21-25) eta seigarren dira gure neskak Tolosa liderra lau puntura dutelarik. Datorren aste-bukaeran atseden hartuko dute eta hurrengoan Ordizia Biok2.com-en pistan arituko dira bi aste barru.
- Jubenil neskak J5 Bergara 14-39 Arrate Eibar Eskubaloia Labegaraietako kiroldegia, Bergara
- Jubenil mutilak J4 Arrate Eibar Eskubaloia 29-29 Tolosa Universidad Laboral
- Kadete neskak J5 Ordizia Enirio 15-39 Arrate Eibar Eskubaloia Majori kiroldegia, Ordizia
- Kadete neskak J5 Sukia Orio 20-19 Arrate Eibar Eskubaloia B Karela kiroldegia
- Kadete mutilak J4 Arrate Eibar Eskubaloia 22-15 Tolosa Universidad Laboral
- Kadete mutilak J5 Arrate Eibar Eskubaloia B 22-23 Hernani Solan Universidad Laboral
- Infantil neskak J2 Arrate Eibar Eskubaloia 8-19 Seguros Bilbao Orio Ipurua
- Infantil neskak J2 Aloña Mendi A 19-14 Arrate Eibar Eskubaloia B Zubikoa kiroldegia, Oñati
- Infantil mutilak J2 Aloña Mendi A 17-26 Arrate Eibar Eskubaloia Zubikoa kiroldegia, Oñati
- Infantil mutilak J2 Arrate Eibar Eskubaloia B 17-8 Aloña Mendi B Ipurua