Gure taldeen lan bikaina goraipatu beharra dago. Hilabete zailak izaten ari diren arren indartsu dira Eibar Eskubaloiko lehen bi taldeak. Hierros Servando Eibar lehen postuaren bila doan eta igoera fasera sailkatzeko hurbil dagoen bitartean, Grupo Mecalbe Eibar taldeko jokalariak ere ikuskizuna ematen ari dira Gipuzkoako Emakumezkoen 1. Lurralde Txapelketan. Seitik sei garaipen lortu dituzte lehen fasean eta hurrengora puntu guztiekin sailkatzen dira. Gure nesken errendimendua izugarria izan da, maisutasunez gailendu dira neurketa guztietan beraien arerioei eta datorren erronkarako prest daudela erakutsi digute. Taldea osatzen duten jokalari eta teknikari guztien lan bikainari esker lortu dute multzoko lidergoa, gainera, atseden hartzeko eta hurrengo fasea prestatzeko arerioak baino denbora gehiago dute, hala ere, hori kontra bihurtu daiteke eta tentuz ibili beharko dira armaginak. Naia Basterra , taldeko jokalariak argi du zein den taldearen jomuga: “Helburua partiduz partidu lan egitea eta irabaztea da, eta hori eginez, euskal ligara igotzea izango litzateke guztion lorpenik onena”.
Esan bezala, lehen fase paregabea burutu dute eibartarrek, nagusitasunez gailendu dira neurketa bakoitzean arazo larririk pasa gabe. Partidako batez beste 27 golek erakusten dute erasoan egindako lan ona, baina zer esanik ez defentsako errendimendua. Kontra batez bestekoa ez da 19ra heltzen, zoragarri; gakoetako bat azpimarratzen du Naiak: “Partidu bakoitzak bere zailtasuna du eta talde bakoitzari nola aurre egin jakin dugu, baina ez da erraza izan. Entrenamenduetan oso ondo aztertu dugu arerioaren jolasa, eta astero entrenamendu desberdinak egin ditugu kontrarioaren arabera, hau da, aurkariak aztertu ditugu”. Hala eta guztiz, bada zerbait faltan botatzen duena jokalari armaginak. “Publikoaren falta nabaritu dugu, hala ere, eskertzekoa da kanpotik jaso dugun jende gutxi batzuen animoak, hori oso lagungarria izan da partiduetan”. Dena dela, pozik egoteko denboraldia burutzen ari direla jakinean dira jokalariak eta horrek gehiago motibatzen du , noski. “Ezin gara kexatu, lehenengo fasea modurik onenean hasi dugu eta puntu guztiekin pasa gara, emaitzek erakusten duten bezala talde bat izan gara”.
Naiak pertsonalki erronka berezia izan du azken hilabeteetan, Covid egoeraz gain, lesio larria izan zuen eta azken urtea errekuperatzeko erabili du. “Iaz lesio oso larria izan nuen belaunean eta horrek urtebete jolastu gabe egotea eragin zidan. Lesio asko izan ditut eskubaloian, baina ez nuen inoiz espero gertatu zitzaidana hainbesterako izango zenik eta ez da erreza izan. Hori bai, inoiz baino indartsuago itzuli da eta ilusioz beterik, kostatu zaion arren pozik da nola sendatu zaion zauria. “Espero nuena baino hobeagoa izan da, hori bai, hasieran beldurra nuen, azkenean ebakuntza batetik nator, eta pixkanaka-pixkanaka jolasteko behar duzun konfiantza hartzen joaten zara. Taldeak asko lagundu dit alderdi horretan, nigan konfiantza izan dute”.
Bigarren multzoko taldeek atzeratutako neurketak berreskuratzen ari dira eta 10 partida geratzen dira oraindik amaierara heltzeko eta armaginen hurrengoko arerioak jakiteko. Eibartarren multzoan ere azken postua erabakiko duen lehia geratzen da bertan behera gelditu zen partida bategatik, hain zuzen ere. Baina gureek egin dituzte beraien etxeko lanak eta prest dira hurrengo erronkari ekiteko. Konbentzituta nago eta uste dut denen izenean hitz egiten dudala, hurrengo faserako oso motibatuta gaudela, eta, batez ere, gogo handiz eta kontzentratuta. Animo neskak eta helburuaren bila!