Emakumezkoen lehen taldeak ere ekin dio denboraldiari eta hasita dira entrenamenduekin. Debuta Euskal ligan urriak 3an izango da, etxean Bera-Bera taldearen aurka. “Partidu zaila izango da seguru, baina etxean jokatzeak eta taldeak edukiko duen gogoekin espero dugu partidua aurrera ateratzea”, dio Andoni Alvarez entrenatzaileak. Argi dago maila berri eta zailago bat izango dela, hala eta guztiz, ez dira gogoak faltako, “neskek ilusio ikaragarria dute maila berrian jokatzeko baita nik ere, baina pasa den urtean ez bezala liga gogorra espero dugu, nun partidu gehienak azken minutuetan erabakiko direla uste dut”. Dena den, irabazi ala galdu, ziur neskek esperientziaz gozatuko dutela.
Ez dute aldaketa nabarmenik egin multzoan eta ia plantilla berdina da iazkoarekin aldenduta, hori bai, hiruzpalau jokalari igo ditu Andonik harrobitik, eta atezain eta kapitain izandako Ane Zubian baja kontuan hartuta ere, entrenatzaileak argi du zein den gakoa. “Gure fitxaketarik onena denak jarraitzea da. Pasa den denboraldi bikainaren ondorioz, 3 jokalariei beste talde batetik eskaintza egin zieten, baina hauek ezetz esan eta Eibarren jarraitzea aukeratu zuten. Gainera, harrobitik datozen jokalariak oso maila altua ematen ari dira, etorkizuna aseguratuta dago”.
Maila berria izan arren, gure neskak ez dira kikilduko eta gogor borrokatuko dituzte neurketak, gainera daukaten helburua goiko postuetan bukatzea da eta ez behealdean; horretaz gain, sari bikoitza du aurrealdean amaitzeak: “Helburua 4 onenen artean sartzea da lehenengo fasean. Honek hurrengo urtean euskal ligan jarraitzea bermatuko liguke, eta aldi berean igoera faserako borrokan egotea”. Kurtso berri zirraragarria espero da eta dakigun gauza bakarra, eibartarrek duten guztia emango dutela taldea ahalik eta hobekien sailkatzeko da eta badakite nola: “ Horretarako prestatzen ari gara eta talde guztia gogotsu eta kementsu dago pasaden urtean bezala aurten ere jarri ditugun helburuak betetzeko”.