Markagailuan aurretik joan da taldea partidu osoan zehar. Erasoan hobeto ibili ahal izan den arren, defentsan lan oso ona egin dute neskek . Hasieratik amaierara lan egin dute, etsi gabe eta hori harrotzeko modukoa da. Eskerrak kanpotik animoak eta indarra bidali dizkien guztiei, haien babesa ezinbestekoa izan da
Urrea balio duen garaipena lortu zuen Hierros Servando Eibar taldeak igandean Distriplac San Antonioren aurka (27-26). Bigarren postua segurtatu dute eibartarrek, eta bide batez, igoera faserako txartela eskuratu. “Oso norgehiagoka estua eta emozioz beterikoa bizi izan da Ipuruan, asko geneukan jokoan eta oztopoak oztopo, taldeak irabaztea lortu du”, zioen Fernandok. Gainera, Helvetia Anaitasunak galdu egin zuen eta lidergoa bi puntutara dute armaginek. Kontuan hartu behar da ere bien arteko berdinketa egongo balitz, gipuzkoarrak geratuko liratekeela lehenak, aurten jokatu dituzten lehiak eta gero. Bi neurketa besterik ez dira geratzen txapelketa bukatzeko eta lehen helburua beteta, bigarrenaren bila irtengo dira eibartarrak.
Gogor borrokatu eta kostatako bi puntu izan ziren igandekoak. Jokoan zegoenaz jakitun, urduritasun puntu bat sumatu zen etxeko jokalarietan, hori bai, horri ere aurre eginda neurketa borobila burutu zuten armaginek, hala ere, sufritzea tokatu zen. Lehia oso parekatua izan zen, denbora guztian berdinketarekin elektronikoan. Hala eta guztiz, lehen zatiaren amaieran eta bigarrenaren hasieran, kanpotarrek hiru goleko partziala lortu eta bi goleko errenta edukitzea lortu zuten. Dena den, eibartarrek berehala irauli zuten markagailua eta hiru goleko aldea eskuratuta garaipena bideratu zuten. Baina urduritasun etsai, berdintzen utzi ziren eta azken hamar minutuetarako utzi zituzten etxeko-lanak armaginek. “Taldea 21-22 galtzen jarri denean, jokalariek eduki duten erreakzioa goraipatzea nahiko nuke. Kirioak lasaitu eta eraso eraginkorrak egin dituzte”. Horrela ba, eibartarrek itxiera bikaina eman zioten neurketari eta lehen helburua bete zen. “Zailtasunez beteriko denboraldi honetan eduki duten konpromiso eta gorputz eta arima aritzeagatik zoriondu nahi nituzke jokalariak”. Arrazoi osoa Fernando, lan bikaina mutilak. Ezina ekinez egina.
Hierros Servando Eibar taldeak ezin izan zuen behar zuen puntua atera Ereintza Aguaplasti eginiko bisitan (24-20). Gainera, sailkapenean aldea murriztea lortu zuten errenteriarrak eta 6 punturen faltan 5era aurkitzen dira. Hala ere, marjina nahikoa dute armaginek bigarren postuari eusteko, fidatu ezin diren arren, eskura dute helburua lortzea. Bestalde, gogoratu beharra dago, oraindik bi neurketa geratzen zaiela Ipuruan eta hori baliatu behar dute Fernandoren mutilak, Ipurua gotorleku bilakatu eta behar den puntua lortzea.
Asteburuko lehiara itzulita, gogor borrokatu zuten eibartarrek, hala eta guztiz, etxekoen defentsa gogorra gainditzen arazoak izan zituzten gure jokalariek. 20 gol besterik ez zituzten sartu; aitortu beharra dago tantu gutxiko norgehiagoka izan zela eta horrek etxekoen alde jokatu zuela. Lehen zati oso parekatua bizi izan zen Errenterian, dena den, armaginak atzetik markagailuan une oro. Berdintzea lortzen bazuten ere, berehala jartzen ziren aurretik etxekoak, ezin zuten markagailua irauli eibartarrak. Azken 10 minutuetako 5-2ko partzialak erabaki zuen lehia, bi puntuak Errenterian utzita. Mikel Zuloaga izan zen armaginen goleatzailerik onena 6rekin; etxekoen partetik Ander Arruti izan zen erasoan finena 6rekin ere.
Bi puntu baino gehiago balio dituen garaipena lortu zuen Hierros Servando Eibar taldeak larunbatean Uharte nafarraren aurka (23-22). Lehenengo lau sailkatuen artean, talde bakarra izan zen eibartarra puntuak eskuratu zituena, laugarren denari irabazi eta gero. Bai lehena den Helvetia Anaitasuna eta baita hirugarrena den Ereintza Aguaplastek ere, porrota jasan zuten jokatu zituzten neurketetan. 42 puntu dituzte orain armaginek, 8 geratzen dira jokoan eta 7ra dute talde Errenteriarra, datorren asteburuko aurkaria, hain zuzen ere. Geratzen diren neurketetan puntu bakarra aterata bigarren postu eta igoera faserako sailkapena lortuko lukete eibartarrek.
Dena den, Uharteren aurkako partida nahiko gorabeheratsua suertatu zen. Lasai aritzeko aldea lortu zuten armaginek norgehiagokan, hala eta guztiz, galtzeko zorian ere egon zen gure taldea. Ez zuen ondo hasi lehia, baina 7-1eko partzialari esker markagailuan agintea lortu eta alde nabarmenarekin egon ziren 40. minutu arte. Diferentzia handiena lortu eta berehala, beherakada itzela izan zuten etxekoek. 7 goleko errenta ezerezean geratu zen bukaerarako minutu gutxiren faltan. Baina duten adorea atera eta berdinketa eusteaz gain, azken erasoan ezker hegalera egindako pase bati esker, Iker Eizagirre bakarrik geratu zen segundo gutxiren faltan eta ez zuen barkatu, garaipena Ipuruan utziz. Iker bera eta Lander Casado izan ziren taldeko goleatzailerik onenak bakoitza 6 golekin, norgehiagokan aldiz, Pablo Gutierrez kanpotarra izan zen erasoan finen ibili zena 8rekin.
Gauzak horrela, puntu batek nahikoa dio Hierros Servando taldeari bigarren postuari eusteko eta igoera fasera sartzeko. Erronka erraza ematen duen arren, armaginak ezin dira fidatu eta datorren asteburuan bertan ahaleginduko dira puntu hori eskuratzen. Hala eta guztiz, Ipuruan ere pare bat partida geratzen zaizkio jomugara heltzeko.
11 neurketa eta gero galdu gabe iritsi zen Hierros Servando Eibar taldearen denboraldiko laugarren porrota Iruñean (28-25). Hori bai, liderraren kantxan izan zen eta gure jokalariek ez zuten amore eman neurketa osoan, gainera, bost minuturen faltan berdinketa zen markagailuan eta punturen bat harramazkatzeko zorian egon ziren eibartarrak. Hala ere, esku hutsik itzuli behar izan zuten armaginak, hori bai, itxura polita eman ondoren. Horrek, gure jokalariei motibazio puntu bat eman die hurrengo erronka konplikatuak aurrera ateratzeko. Bigarren da taldea 40 punturekin eta sailkapenean atzetik datozen arerioak denek irabazi bazuten ere, beraien aurkako norgehiagokek markatuko dute gure taldearen etorkizuna.
Ondo hasi zuten armaginek partida, lehen minutuetan aurretik jartzea lortu zuten gainera markagailuan, hala eta guztiz, etxekoek duten maila erakutsi eta buelta eman zioten emaitzari lehen zati osoan zehar aurretik igarotzeko. Baina Fernandoren mutilak ez ziren kikildu eta bigarrenaren hasieran berdintzea lortu zuten. Bien arteko hartu-emana egon zen hurrengo minutuetan, nafarrak aurretik batik bat, baina eibartarrak hurbil. Lehenago aipatu bezala, norgehiagoka bukatzear zegoela parekatu zuten kanpotarrek, puntuak eskuratzeko itxaropena berpiztuz. Dena dela, 5-2ko azken partzialak dena zapuztu zuen eta esku hutsik bueltatu ziren gureak.
Ondo banatu zituzten markatutako golak bi taldeko jokalariek, etxekoen aldetik Endika Andueza izan zen goleatzailerik onena bostekin, eta Jon Barruetabeña eibartarrena bostekin ere. Datorren asteburuan laugarren den Uharte izango da Ipuruan, beharrezko bi puntu ametzetan jarraitzeko.