Balore handiko bi puntu lortu zituen Hierros Servando Eibar taldeak larunbatean Erromo Indupimerien aurka, markagailua azken minutuetan irauli eta gero (26-23). Ez zen armaginen denboraldiko neurketa onenetarikoa izan, hala eta guztiz, indarra, adorea eta kalitatea atera zuten jokalariek puntuei eusteko. ”Ikusten denez azken partidetan, asko kostatzen zaigu etxean irabaztea,baina garrantzitsuena jokalariak duten dena ematen dutela eta hori da gakoa helburuak lortzeko orduan”, zioen Fernando entrenatzaileak. Lehen postuan jarraitzen dute eibartarrak, Helvetia Anaitasuna puntu bakarrera eta bi partida gutxiagorekin atzetik dutelarik.
Bi taldeen arteko berdintasunak lehia osoan iraun zuen arren, ia denbora guztian bizkaitarrak izan ziren aurretik markagailuan, aginte makila ederki eramanaz. Aurretik heldu ziren atsedenaldira eta lehen zatian zehar hiru lau goleko aldea ere izan zuten kanpotarrek.Eibartarrak aldiz, ezinean aritu ziren momentu batzuetan, atzetik une oro, ezin zuten zekiten jokoa eskaini. Alabaina, zerbaitetan bereizten badira gure jokalariak, porrota garesti saltzen dutela da. “Bagenekien partida zaila izango zela, azpitik egon gina markagailuan denbora guztian, baina taldeak ez zuen amore eman eta sufritzen jakin zuen. Goialdean bukatzeko gogoa eta konpromisoa erakusten dute horrela jokalariak”. 50 minutu nahiko kaxkarrak jokatu zuten armaginek. Bi gol azpitik heldu ziren azken 10 minutuetara, hala eta guztiz, itxura aldatu eta 9-4ko partzialari esker, emaitzari buelta eman eta bi puntuak eskuratzea lortu zituzten.
Bost minuturen faltan berdinketa zen markagailuan, orduan, eibartarrek defentsa zorroztu eta Ander Ballesterosen geldituei golei esker aldea zabaltzea lortu zuten. “Ander Ballesteros goraipatzea nahiko nuke, oso fin aritu baitzen azken minuetetan 6 metroko gelditu ugari eginez. Baita Landerren lana azpimarratzea nahiko nuke ere erasoan egindako lanari esker min hartuta bazen ere”. Norgehiagokako goleatzailerik onena Erromoko Yailan Hechavarria izan bazen ere 7rekin, ezin izan zuen Hierros Servando Eibarren garaipena saihestu. Etxekoen aldetik Lander Casado eta Jorge Ecenarro izan ziren erasoan eraginkorrenak bakoitza 6 golekin. Erreakzio bikaina ez bairik gabe.
15. Garaipena batu zuen Hierros Servando Eibar taldeak Urban Cabero Barakaldoren kantxan irabazi eta gero (26-31). Ez ziren bi puntu errazak izan. Asko eta ondo borrokatutako neurketa izan zen eibartarren partetik. Nahiz eta, aurretik joan ia partida osoan zehar, armaginek ez zuten markagailua itxi azken une arte, oztopo ugari jarri bai zuten bizkaitarrek. Hala eta guztiz, maisuki gainditu zituzten Fernandorenek traba guztiak lidergoari eusteko. 31 puntu dituzte guztira eta hirugarren den Barakaldo bostera utzi dute larunbateko garaipena eta gero.
Lehen zatian aldea zabaldu ezinik egon ziren eibartarrak, hala ere aurretik ia zati osoan zehar.Atsedenaldirako berdintzea lortu zuten aldiz bizkaitarrek, horrela, dena erabakitzeko geratu zen bigarren zatian. Hari beretik ekin zion, berdintasuna nagusi zela, bigarren erdiak, ez zen batere erreza garailea asmatzea. Orduan heldu zen kanpokoen sastada. Bost goleko partzialari esker garaipena ziurtatzen hasi ziren armaginak. Aldea eustea besterik ez zuten egin behar bukaera arte. 60 minutuak eta gero, bi puntuak eibarrera.
Goraipatzeko lana berriro ere erasoan. 30 goleko langa gaindituz, fin ibili ziren mutilak atearen aurrean. Lander Casado eta Jon Barruetabeña bilakatu ziren norgehiagokako goleatzailerik onenak 7rekin. Aipatzeko beste gauza bat Mikel Zuloagaren itzulera da. Min hartuta denbora batez kanpoan egon eta gero berriz bueltan da berriz pibotea. Poztekoa. Datoren astean Erromo Indupime izango da Ipuruan, beste erronka handi bat ezbairik gabe.
Hierros Servando Eibar taldearen beste garaipen itzela larunbatean Tolosaren aurka 26-25. Azken segundoetan erabakitako lehia izan zen eta bi puntuak Ipuruan geratu ziren. Horrela, lehen postuan dira berriz eibartarrak. Hori bai, Anaitasunaren neurketa bertan behera geratu zen eta hori baliatu zuten armaginek lidertza berreskuratzeko. Garaipena bideratua ematen zuenean, tolosarrek berdintzea lortu eta azken unerarte puntuatzeko aukerekin ikusi zuten beraien burua. “Pasa den asteburuan esan nuena berrezten dut. Edozein talderi irabazi ahal diogula, baina baita galdu ere. Momentu txarrak ahalik eta motzen egiten ikasi behar dugu, bai pertsonalki eta baita talde moduan ere. Ez gaitzala horrek esparru guztietara kaltetu”, urduri zen Fernando entrenatzailea partida bukatu eta gero. Ez zen urteko partidarik onena izan, hala eta guztiz, emozioa amaierarte iraun zuen.
Ez zuten gaizki jokatu gureek, lehen minututik aldea handituz eta lasai arituz. Zazpi goleko errenta ere eduki zuten eibartarrek lehen zatian. Erasoan fin eta atepean gelditu bikainak eginez Ruben Fuentes. Hala eta guztiz, kanpokoek aldea murriztea lortu zuten atsedenaldirako. “Alde handia lortu genuen hogei minututan, baina azken unetako hutsegiteek bizia eman zioten arerioari bigarren zatirako”. Hobeagoak izan ziren tolosarrak bigarren atalean.
Intentsitatea gogortuz, mugaraino eraman zuten defentsa kanpokoek. Hori eta Haitz Gorostidi jokalariaren golekin, markagailua iraultzea lortu zuten, pixkanaka pixkanaka berdinketararte. Tolosarren aldetik goleatzaile onena izan zen Gorostidi 6rekin. Hori bai, buelta ematea lortua zutela ematen zuenean, eibartarrek beste pausotxo bat aurrera eman zuten aldea handituz. Baina tolosarrek ez zuten etsi nahi, horrela, minutu terdiren faltan, galduta ematen zuen norgehiagoka berdintzea lortu zuten. Fernandok hutsartea eskatu zuen azken erasoa ahalik eta hobekien prestatzeko, eta bai ondo irten ere. Kanpotarren defentsa ilegalak aukera eman zien armaginei zazpi metroetatik berdinketa hausteko. “Arrisku asko pasa genituen bigarren zatian eta azkenean berdintzen utzi genien, amaierara emaitza oso estuarekin iritsiz. Eskerrak fin aritu ginen bi puntuak poltsikoratzeko”. Ondo aprobetxatu zuen aukera hori partidako goleatzailerik onenak, Iker Eizagirrek neurketa borobila burutu zuen, garaipenaren gola sartuz, 8ren egile izan zen. “Bikain aritu zen Iker Eizagirre zazpi metroko jaurtiketetan”