Beste garaipen handi bat Hierros Servando Eibar taldeak lortu zuena Egia Teila Fabrikaren kantxan hamazazpigarren jardunaldiari dagokion lehian(22-32). Lidertza orain puntu bakarrera dute armaginek Anaitasunaren berdinketaren ondoren. Hasieran zertxobait kostatu zitzaien arren, nagusi izan ziren eibartarrak ia neurketa osoan zehar. “Partidu serioa eta kontzentratuta jokatu dute gure jokalariek”, pozarren zen Fernando entrenatzailea, “ia hasieratik ikusi da irabazte nahi genuela, zorrotz atzealdean eta ideia garbiekin erasoan”
Neurketa borobila burutu zuten eibartarrek, berehala suspertuz, ez zioten arerioari arnasa hartzen utzi. Taldeak egin zuen defentsa azpimarratzen du entrenatzaileak “Egia oso talde gogorra da, batez ere bere kantxan, gainera meritu handia du arerioa 22 goletan usteak, talde erasokorra baita”. Erasoan ere fin aritu zen taldea, 30 golen langa berriro ere gaindituz. Hamar bat minutu iraun zuen eibartarren hasierako loak, berandu baino lehen esnatu eta atsedenaldirako sei goleko aldea zen markagailuan. Ondo eutsi zioten errentari bigarrenean, kontrolpean.
11 armaginek gol bat gutxienez egiteko aukera izan zuten, ondo osatutako taldea dela erakutsiz. “Ilusioz beterik jarraitzeko kriston lana burutu zuten eibartarrek, jarrera paregabe batekin. Hiru jubenilekin bukatu genuen partida azken aldian bezala, taldeari lagunduz eta beraien formakuntzan minutuak batuz”. Iker Eizagirre bilakatu zen eibartarren eta norgehiagokako goleatzailerik onena 7 golekin; Jorge Ecenarrok 5 egin zituen eta Jonay Torregok 4. Goiko postuak gehiago estutzen dira Helvetia Anaitasunaren berdinketa eta gero, puntu bakarrera du orain talde nafarra
Meritu askoko garaipena Hierros Servando Eibar taldeak lortu zuena larunbatean Ipuruan Asfaltos Redondo Solozabal Navarreteren aurka (29-26).Hirugarren jarraipena jarraian bederatzi egunen barruan. Aurrez pentsatzen zena baino gehiago kostatu zitzaien eibartarrei bi puntuak etxean eustea, hala eta guztiz, nagusitasunez markagailua irauli eta ezustekoa saihestea lortu zuten. Bigarren postuan jarraitzen dute armaginak 25 punturekin, liderrak baino bi gutxiagorekin. “Lehen itzuli osoa goikaldean pasatu dugu. Atera dezakegun konklusioetariko bat, edozeinekin galdu dezakegula da. Egiten ditugun akatsak murrizten saiatu behar dugu, eraginkorragoak izan goian jarraitu nahi badugu”.
Hobeago hasi zuten errioxarrek neurketa,ia lehen zati osoan zen berdinketa apurtuz, atsedenaldira aurretik iristen.Aurreko partidetan erakutsitako intentsitatea falta zitzaien etxekoei eta kanpotarrak hori aprobetxatuz, lehen 30 minutuak eta gero markagailuan goitik helduz. “Ipuruan aurten izan dugun partidarik zailenetarikoa. Atzetik joan gara ia neurketa osoan baina azkeneko esfortzuari esker irabaztea lortu dugu”.
Hari beretik hasi zuen bigarren zatiak, errioxarrak aurretik. Hamar minuturen faltan berdindu eta armaginek buelta eman zioten, oso zail jartzen hasia zen norgehiagokari .Navarrete taldearen partida handiaz gain, baloi asko galdu ditugu eta eraso askotan huts egin, eta hori zama bihurtu da. Aipagarriena taldeak ez dituela besoak jaitsi eta bukaerarate borrokatu duela garaipena. Jon Barruetabeña eta Ander de Diego izan ziren etxekoen goleatzailerik onenak, bakoitza zazpi golekin. Hierros Servando Eibar taldearen hirugarren garaipen zoragarria aste terdian, pozik egoteko motiboak dituzte eibartarrek. Egiara bidaia datorren asteburuan….
Gehiegizko zigorra Hierros Servando Eibar taldeak larunbatean jasan zuena Distriplac San Antonioren kantxan (26-25).Aurtengo denboraldiko hirugarren galera. Eibartarrek ezin izan zuten punturik poltsikoratu ia lehia guztia aurretik egon eta gero, zoritxarrezko azken minutuak izan ziren, taldea kondenatu zutenak. Nafarrek markagailua iraultzea lortu zuten armaginen garaipena bideratua zirudienean; bost goleko errentarekin heldu ziren azken 20 minutuetara Fernandorenak:
Porrota krudela pairatu arren, eibartarrek itxura ona eman zuten partida ona burutuz. Taldeko 11 jokalarik gutxienez gol bat egitea lortu zuten, eta horrek lan talde ona egon zela baieztatzen du. Ander de Diego izan zen goleatzailerik nagusiena armaginen aldetik sei golekin, neurketakoa aldiz, etxeko Juan Ortiz bilakatu zen zazpirekin.
Hirugarren postuan jarraitzen du Hierros Servando Eibarrek 17 punturekin. Lidertza orain hirura geratzen da, hala ere goiko postuetan jarraitzen du taldeak. Porrota latza izan zen, baina zerbait erakutsi badigute jokalari hauek, badakitela altxatzen erorketa gogor bat jasan eta gero. Autobusa hartzekotan dira datorren asteburuan armaginak beste astebetez. Areriora Avefor Huesca izango da. Baina hori larunbatean…
Hierros Servando Eibar taldearen denboraldiko zortzigarren garaipena Ereintza Aguaplasten aurka Ipuruan(29-24). Argi geratu zen larunbatean, pasa den asteburuko sastada ez zela entrenamendu falta besterik izan. Urtea lehenengo postuetan bukatuko dute eibartarrek 17 punturekin, zortzi garaitze, bi porrot eta berdinketa bakarrarekin. “Garaipen garrantzitsua lortu genuen Ereintzaren kontra, gabonetako geldialdia gehio eta lasaiago gozatzeko aukera ematen diguna”, zioen Fernando entrenatzaileak, denen poza adieraziz.
Ez zuten armaginek hasiera ona egin. Hiru azpitik ziren lehen ordu laurdena pasata, hala eta guztiz defentsa on bati esker, kontraeraso medio, markagailua erailtzea lortu zuten atsedenaldirako.Lehia estua izan zen 40 minututan zehar, baina bi puntuak lotu zituzten armaginek minutu oso on batzuei esker, nahiz eta oztopo batzuk aurkitu bidean: “Oso parekatua suertatu zen partida bigarren zatiko hamargarren minuturarte, hortik aurrera eta nahiz eta pare bat esklusio sufritu, aldea handitzea lortu genuen amaierararte”. Nota onarekin gainditu zuten urteko azken erronka eibartarrek.
300golen langa gainditu dute eibartarrek lehendabiziko 11 partidetan, inoiz lorturiko markarik handiena. Lander Casado izan zen norgehiagokako goleatzaile nagusiena zazpi golekin. Ander de Diego seirekin eta Axier Gisasola bostekin ederki lagundu zuten eibartarren erasoa. Ander de Diego eta Lander Casadok erasoan egin zuten lana goraipatzea nahiko nuke, Ereintzaren defentsa libratu bai zuten momenturik garrantzitsuenean. Atepean berriz, Ander Ballesteros nabarmendu zen merituz beteriko geldituak eginez. Atzealdean une batzuetan sendotasuna falta izan genuen arren, arerioak ez zuen erasotasunez jokatu. Ander Ballesterosen lan zoragarria atepean. Eibartar guztien buruan geratuko da Hierros Servando Eibar taldeak egin dituen azken hilabeteak. Orain geldialdiaz gozatzera, pilak kargatu eta ea nola bukatzen diren Covidaren ondorioz atzeratutako neurketak. Izugarria egindako lana. Zorionak guztioi.
Hierros Servando Eibarren porrot mingarria Uharten (22-15). Jokalari eibartarrek entrenamendu falta asko nabari zuten eta neurketan sartzen ahalegindu ziren arren, erasoko errendimendu baxuak aukera gabe utzi zuen taldea. Izan zituzten baja garrantzitsuak ere bere garrantzia izan zuten. Lander Casado eta Mikel Zuloaga adibidez, ez ziren norgehiagokan egon, aurrean umezurtz utziz taldea. Ez ziren bakarrak izan: “Gure goleatzaileen eta Uriarteren bajek, entrenamendu faltak gehituta, atzean sendoago eta aurrean zorrotzago egotera behartzen zigun Uharteren kontra”, aitortu zuen Fernando entrenatzaileak. Nafarrek aldiz, bi puntuak poltsikoratu zituzten defentsa gogor bati esker. “Egia esanda atzealdean ez ginen ondo aritu, taktikoki batez ere, Ballesteros gure atezainaren geldituek, gol gehiago jasotzea ekiditu zuten”.
Iosu Longas eta Mikel Etxeberria bilakatu ziren lehiako goleatzailerik nagusienak, sei eta bost golekin hurrenez hurren. Lehenago aipatu bezala, eibartarrak ez ziren fin ibili aurrealdean, hutsegite askorekin, bajek gogorki kolpatuz taldea. “Erasoan ez genuen gol jarioa izan, jaurtiketetan huts asko eginez, 29 hain zuzen ere, baita hiru penalti ere. Horretaz gain, 12 baloi galtzek kondenatu gintuen”. Porrota ez zen albiste txar bakarra izan armaginentzat: “Txarrena ez zen esku hutsik itzultzea, baizik eta Eneko Garetxanak belaunean duen mina, berriz somatu zuela atsedenaldian”. Albiste txar guztien artean, on bat nabarmendu dezakegu, gazteen ekarpena hain zuzen ere. “Jubenilak kantxan ikustea izan zen eguneko albiste on bakarra. Lehen urteko Mikel eta Jokin; baita bigarren urtekoa den Andoni ere”.
Nolanahi ere, lehen postuan jarraitzen du Hierros Servando Eibarrek 15 punturekin. Hori bai, Helvetia Anaitasuna eta Easygas Urduliz puntu bakarrera daude, hiru eta partida bat gutxiago jolastuta hurrenez hurren. Ereintza Aguaplast izango da Ipuruan datorren larunbatean, urte negargarri honetan jokatuko duten azken lehian, baina hori asteburua heltzean…
Hierros Servando Eibarrek hirugarren garaipena jarraian eskuratu zuen larunbatean
Elgoibarren (19-28). Bi partida irabazi gabe egon eta gero, armaginak garaitzaren bidezidorrera
itzuli ziren. Neurketa nahiko gorabeheratsua suertatu zen hasiera batean, baina eibartarrek
aldea pixkanaka handitzea lortu zuten bi puntuak zailtasun handirik gabe poltsikoratuz. Hori
bai, printzipioz ematen zuena baino gehiago borrokatu behar izan zuten Fernandorenek,
helburuzko arrakasta eskuratzeko. “Orokorrean neurketa serioa jokatu dugu, 6:0eko
defentsarekin, nahiz eta erasoan oraindik arintasun pixka bat falta den”, zioen kontent
entrenatzaileak.
Ideia garbiekin pistaratu ziren gureak, joko erakargarria eginez, defentsa sendo eta
pitzadura gabekoa erakutsiz. Hegaleko jokalariek erraz zulatzen zuten arerioaren babesa.
Desabantaila hori sentitu harren, zurigorriak ez ziran kikildu, atsedenaldia baino lehenago
suspertuz. Etxekoen aldeko 7-3ko partzialak amaieraldean gauzak estu uzten zituen
bigarrenerako. Diferentzia hori handitzen saiatzera irten ziren eibartarrak; kostata baina
norgehiagokaren azken herenean lortu zuten xedea. “Nahiko berdinduta egon da lehen zatia,
baina kontraerasoan golak sartzeko aukera asko izan ditugu bigarren zatian egindako
defentsa gogorrari esker. Horrek garaipenaren ateak zabaldu digu”. Azken bederatzi
minutuetan ez zuten gol bakarra egin elgoibartarrek, horrek garaipena eskura eman zien
armaginei, atepean eta defentsan eginiko lan bikainari esker ere noski.
Ezin izan zen pistaratu Mikel Zuloaga, azken unean baja garrantzitsua bilakatuz, baina
Lander Casado ederki konpondu zen, Mikelen erasoko aginte makila jasoz eta aurrealdean hau
ordezkatzen. 10 gol egin zituen guztira, taldearen herena baino gehiago. 98 gol batzen dituzte
bien artean. Ez zen eibartarren baja bakarra izan: Xabi Azkonizagak eta Jon Barruetabeñak ere
ez ezin izan zuten Elgoibarren egon. Baina Fernandok ederki jakin zuen nola bete hutsune
horrek. Azken orduko Azkonizagan, Barruetabeñan eta Zuloagan bajek, Markel
Valencianoren debuta faboratu zuen. Jokin Aja eta Andoni Yarza jubenilek ere minutu batzuk
jolasteko aukera izan zituzten.Lan bikaina egin zuten gazteek. Lehen postuan jarraitzen du
Hierros Servando Eibar taldeak 15 punturekin, garai hauetan, pasa den denboraldian 6 puntu
besterik ez zuten Fernandoren mutilek, aldea nabarmena da ezbairik gabe. Sailkapenean
atzetik datorren Anaitasuna izango da Ipuruan hurrengo asteburuan. Lau neurketa jolastu
dituzte orain arte, denak irabazi. Baina hori egun batzuk barru…
Olatu aparretan jarraitzen du Hierros Servando Eibar taldeak. Porrot bakarra jasan dute zortzi partidetan eta ratxak ez du etenik. Oraingoan, Estudio Matmata Zaragoza Ademarrek ezin izan zuen eibartarren neurketa hastapen ona zapuztu larunbatean Ipuruan (33-27). Txapelketaren laurden bat pasata lehenak jarraitzen dute armaginek, jokatu dituzten 16 puntutatik, 13 eskuratuz.
Hasiera zoragarria eman zioten etxekoek partidari, lehen segundutik aurretik jarri ziren markagailuan. Hortik aurrera nagusi izan ziren armaginak, nahiz eta aldea agian, pistan ikusi zena baino handiagoa dela aitortu dezakegu: “Emaitza nahiko engainagarria izan daiteke, lehia nola joan zen ikusita; Zaragoza Ademarrek oso joko ona erakutsi zuen”, zioen Fernando entrenatzaileak onartuz. Aldea handitzen joan zen gutxika gutxika lehenengo minutuetan, hala eta guztiz zaragozarrak suspertu eta hurbiltzea lortu zuten joko praktiko batekin. Ematen zuen defentsak oraindik pistaratu gabe zeudela, erasoko jokoa gailendu bai zen garbi lehen zatian.
Bigarrenean aldiz, atzean sendoago eta aurrean lehen zatian bezain zorrotz kantxaratu ziren eibartarrak. Atepean ere lan bikaina egin zuen Ander Ballesterosek gelditu klabeak eginez, garaipena taldeari errazago utziz. Aurrean berriz, Lander Casado bilakatu zen norgehiagokako goleatzaile nagusia zortzi golekin. Ate aurrean eraginkorrak azaldu ziren armaginak beste astebetez eta horrek bi puntuak lortzeko aukera areagotzen du. “Ipuruako aurreko partidetan baino eraso arinagoa erakutsi zuen Eibar Eskubaloiak, baita gogotsuago eta sutsuago defentsan; horretaz gain, Ander Ballesterosen geldituek kontraeraso gehiago sortzeko aukera eman digu”.
Lidertzan jarraitzen dute Fernandorenak 13 punturekin lorpen bikain honen ostean. “Goian jarraitzeko garaipen oso garrantzitsua, kalitate askoko arerio baten kontra”. Hori bai, bigarren den Anaitasunak lau partidu gutxiago jolastu ditu eta denak irabazi gainera. Naparrez gain bete bi taldek ere zortzi puntu dituzte. Datorren asteburuan bidai motza, Elgoibartik bi puntuak ekartzea izango dute helburutzat Hierros Servando Eibarko mutilek.