Garaipenaren bidezidorrera itzuli da Hierros Servando Eibar taldea Dominicos Zaragozari irabazi eta gero (25-33). Bi neurketa irabazi gabe zeramatzaten eibartarrek, egoerari buelta emateko unea zen. Ederki aprobetxatu zuten Fernandorenak aukera hori : “Ezin dugu liga honetan lehiatu azken bi partidetan egin genituen huts kopuruekin, ezta erasoan erakutsi genuen efizientzia faltarekin. Larunbatean dezenki hobetu genuen esparru bakoitzean”. Kontent zen entrenatzaile madrildarra. Baita jokalariak ere, neurketa borobila burutu bai zuten, nahiz eta markagailuan aldentzea kostatu zitzaien arren.
Esan bezala, lehen zati parekatua bizi izan genuen Zaragozan, dinamikoa eta gol askorekin, erasoak defentsei gailendutakoa. Markagailua hamalauna zen atsedenaldian, kantxa barruan bizi zen berdinketaren adierazgarri argia. Baina bigarren partea bestelakoa suertatu zen. Etxekoak ez ziren gai izan dinamika horri jarraipena ematen, armaginak aldiz eraginkortasuna handiagotu eta aldea handitzea lortu zuten eraso zorrotz bati esker. “Lehen lerroaren gol ekarpenari esker lortu genuen markagailuan aldea sortzea, Azkonizagaren 8 golak horren adibide”. Bestalde, arerioaren efizientzia baxua ere talde eibartarrari atxiki behar zaio. “Eta guzti horri, atzealdean sutsu, langile eta bat eginda egon zela taldea gehitzen badiogu, eta gainera atepean ere zenbaki onak izan genituela, erraz uler dezakegu garaipenaren zergatia”. Fernandok ederki laburbildu zuen horrela bere mutilen bigarren zati bikaina. Lehenago aipatu dugu Xabier Azkonkizagaren erasoko lan zoragarria, horri norgehiagokako goleatzaile nagusia gehitu behar zaio, Mikel Zuloaga 12 golen egile, denen gainetik nabarmendu zen ate aurrean beste astebetez.
Lidertzan jarraitzen du Hierros Servando Eibar taldeak, hori bai atzetik datozenen baino partida gehiago jokatuta. Ala eta guztiz, eibartarrek beraien lana ederki egiten ari dira, zazpi neurketatik bost garaipen poltsikoratuta. Segika dauden arerioetako bat, Ipuruan izango da datorren larunbatean, Estudio Matmata Zaragoza Ademar hain zuzen ere. Beste arerio Aragoitar bat hasiera onari jarraipena emateko.
Hierros Servando Eibar taldeak denboraldiko lehen porrota jasan zuen Easygas Urdulizen aurka Ipuruan (24-26). Atzetik joan ziren markagailuan partida osoan zehar eta ahalegindu ziren arren, bi puntuak Bizkaia aldera joan ziren azkenean: “Merezitako porrota. Hutsegite ugarirekin, jaurtiketetan ez genuen asmatu”, zioen etsita Fernandok. Orain arte, taldeak jokatu duen partidarik eskasena izan zen, baina astia du gauzak zuzentzeko eta hobetzeko, lehen neurketetako mailara itzultzeko.
Lehia hasi aurretik minutu bateko isilunea gorde zen, JD Arrate taldean jokatu zuen lehen atzerritarrarengatik, Žarko Trajković, pasa den astean zendu bai zen Sarajevon. Jokalari eta entrenatzaile paregabea (lehen taldearekin batera debutatu zuen Espainiako maila nagusian), 70garren hamarkadan heldu zen gure herrira, joko aparta erakutsiz. Entrenatzaile moduan lehen taldea berriz maila gorenera igotzea lortu zuen. Horretaz gain, Arrate-Amaña nesken taldea ere entrenatu zuen 90garren hamarkadan, lehen mailarako txartela eskuratuz emakumeekin ere. Bi talde seniorrak maila gorenera igotzeko kapaza izan zen aulkietan, gure eskubaloiaren une gogoangarriak ezbairik gabe. Goian bego.
Larunbateko neurketara itzulita, hasiera kaxkar batek dena zapuztu zion gure taldeari. Lehen laurdenean gol bakarra egin zuten markagailuan eibartarrek eta aldea seikoa zen. “Bi zatiak gaizki hasi genituen, jokoaren alde guztietan, eta horrek markagailuan beti atzetik joatea eragin zigun”. Ala eta guztiz, buelta eman, eta adorea erakutsiz, bi azpitik heldu ziren atsedenaldira armaginak. Neurketan sartuta ziren harren ez zuten buelta ematen asmatu, ez aurrean ezta atzean ere. Pasatako akatsak eginez eta gol errazak jasoz; erasoan aldiz hesi baten kontra jotzen ziren eibartarrak behin eta berriz. Bigarren zatia ildo beretik jarraitu zuen. Eibartarrak, korrontearen kontra berdindu ezinik. Saiatu ziren hurbiltzen gureak, edozein momentutan ratxa on bat iritsiko zela ematen zuen, berdinketaraino eramango zuena taldea, baina ez zen iritsi eta kanpotarrek, errenta ederki kudeatuz, amaierararte eutsiz, garaipena poltsikoratzea lortu zuten. “Sumatu zen erantzuna gure taldearen partetik, baina ez ginen gai izan aurretik ipintzeko eta garaipena azkenean kanpotarrena izan zen”, zioen armaginen entrenatzaileak.
Lander Casado eta Erlantz Fernandez bilakatu ziren norgehiagokako goleatzaile nagusiak 8rekin. Nabarmentzekoa azken honek, Niklas Ramis eta Garikoitz Viguerak , talde osoak sartu zituen 26 goletik, 22, hiruren artean egin zituztela. Lehen postuan jarraitzen du Hierros Servando Eibarrek 9 punturekin. Bigarren sailkatua den Estudio Matmata Zaragoza Ademarrek ere galdu egin zuen larunbatean; eta hirugarren, Easygas Urduliz da; bi jazarleak 6 punturekin dira, hori bai espainiarrak bi neurketa gutxiago jolastu dituzte, bizkaitarrak bat. Datorren asteburuan Dominicos Zaragoza bisitatuko du talde armaginak.
PUNTU BAT IRABAZI, PUNTU BAT GALDU
Hierros Servando Eibarrek puntu bat harramazkatzea lortu zuen azken unean Romo Indaupe taldearen aurka (31-31). Bi aurpegi ezberdin erakutsi zituzten eibartarrek, lehengo zatian liderraren jarrera, atzean fin eta aurrean zorrotz. Bigarrenean aldiz, nahiko herren ibili ziren gureak, gol asko jasoz, kontrarioei aurretik jartzeko aukera emanez. Segundo batzuren faltan hutsartea eskatu zuen Fernandok azken jokaldia prestatzeko, eta ederki prestatu ere. Puntu bat poltsikoratu zuten eibartarrek azken unean, baina entrenatzailea ez zen pozik partidaren amaieran: “Puntua eskuratzea lortu dugu azkenetan, bestetik aldiz, puntua galdu dugu bigarren zati hasiera negargarri bat eta gero; lehian berriro sartzen utzi diegu, geneukan aldea murriztuz”.
Lehen zati bikaina burutu zuten armaginek, esparru guztietan inposatuz. Etxekoak galduta ziren, ligan oraindik jardun gabe, errodaje falta hori mira zuten dudarik gabe. Bost goleko errentarekin heldu zen gure taldea atsedenaldira, ala ere,bigarren zatia bestelakoa izango zen. Erromo suspertu eta aldea murrizten joan zen gutxika gutxika, eibartarrak ez ziren aurre egiteko gai, jokalari gutxi batzuk salbatu dezakegu bigarren zati eskas hartatik: “Bigarren lerroko jokalarien erasoa soilik goraipatuko nuke(hegalak eta euskarria)”, zioen konforme geratu ez zen Fernandok. 13 minutu faltan jarri ziren aurretik lehendabizi bizkaitarrak. Bi goleko aldea ere lortu zuten minutu gutxiren faltan. Gobela kiroldegian ohituta dauden beste amaiera estu bat bizitzera zihoazen bertako guztiak.
Minutu baten faltan berdinketa zen markagailuan eta etxekoak dinamika hobeago batekin zeuden. Ala eta guztiz, armaginak ez zuten nahi neurketa hain errez oparitzea. Hori bai, Erromok ez zuen barkatu bere azken erasoan eta aurretik jarri ziren hamar bat segundoren faltan. Fernandok hutsartea eskatu zuen jarraian, azken jokaldia prestatzeko intentzioarekin. Entrenatzaileak bere lana egin zuen jokaldi eder bat prestatuz, jokalariek zoragarri pistaratu zutena. Mikel Zuloagak, berdinketa lortu zuen, taldekako azken eraso bikainean. Ez zen denbora gehiagorik geratzen. Puntu bat irabazi, puntu bat galdu.
Nola ez, goraipatzekoa behin eta berriz Mikelen lana; norgehiagokako goleatzaile nagusia zortzi golekin. Etxekoen partetik Yailan Hechevarria izan zen finen aritu zena atearen aurrean zazpi golekin guztira. Fernandok argi adierazi bezala, “ez dugu ondo defenditu, ezta zehaztasunez erasotu; ate azpian ez gara ondo aritu gaurkoan, ez gara gai izan arerioa gelditzen”. Jardunaldian jokatu zen neurketa bakarra izan zen, hori dela eta Hierros Servando Eibar taldea lehen postuan jarraitzen du, bigarrenekiko hiru puntuko aldearekin. Hori bai bi partida gehiago jolastuta. Datorren larunbatean Easygas Urdulizen bisita jasotzekotan dira armaginak.
Laugarren garaipena jarraian Hierros Servando Eibar taldearentzat. Urban Cabero Barakaldok aurpegia eman zuen norgehiagoka gehienean, baina gol faltak eta eibartarren ekinak, bi puntuak etxean utzi zituzten (20-14). Jardunaldi arraroa izan zen, bi neurketa besterik ez bai ziren jokatu asteburuan; Ipuruakoaz gain, Ereintza Aguaplast-EasyGas Urduliz partida ere jolastu zen; gainera ez daki inork liga jarraitzerik izango den alarma-egoera honetan.
Dena dela, armaginek ez zuten hutsik egin, etxeko lanak fundamentuz eginda. Nahiko lehia estua suertatu zen, puntu kopuru baxukoa, defentsak eta atezainak nagusi izan ziren une oro. Etxekoek aldea zabaltzea lortu zuten hasierako partean baina barakaldarrak kikildu gabe berdinketaraino eraman zuten neurketa atsedenaldia baino lehen. Zazpina. Bigarren zatia bestelakoa izan zen. Aurretik jarri ziren eta guzti horiak, baina ez zen ispilatze bat besterik izan. Lehendabiziko 15 minututan lehen zatian bezain gol adina sartzea lortu zituzten bi taldeek. Hortik aurrera, Ander Ballesterosen geldituak, defentsa fina eta aurrean zorrotz egoteari esker, garaipena poltsikoratzea lortu zuten gipuzkoarrek: “ Neurketa oso parekatua izan zen. Defentsen eta atezainen lan bikainari esker markagailu arraro bat ikusi genuen. Baina benetan goraipatzekoa Ander Ballesterosen lana, 15 jaurtiketa baino gehiago geldituz; taldearen defentsa ere azpimarratu nahiko nuke, Barakaldo gol bakarra egin bai zuen azkeneko 18 minututan”, nabarmentzen du Fernando entrenatzaileak.
Andres Alonso, Barakaldoko jokalaria bilakatu zen goleatzaile nagusia seirekin; Fernandorenak ordea ondo banatu zituzten golen egileak, Xabier Azkonizaga eta Mikel Zuloaga, berriz ere, laurekin izan ziren ate aurrean hobekien ibili zirenak. “Aurrealdean Azkonizagaren hegaleko lana goraipatzea nahiko nuke. Hori bai, gure erruengatik jasotzen ditugun zigorrak murritzu behar dugu, baita jariakortasun batekin jolastu ere”. Hierros Servando Eibar goialdean finkatzen da porrotik zer den jakin gabe, ezta hemendik aurrera zer gertatuko den ere ez…
Hierros Servando Eibar taldeak garaipen borrokatua lortu zuen Egia Teila Fabrikaren aurka, gol gutxiko neurketa berdindu batean (22-19). Gainera, puntua lortzeko zorian egon ziren donostiarrak, baina Ruben Fuentes atezainak azken bi erasoak gelditu zituen, bi puntutako saria etxean utziz. Armaginak aldiz, ez zuten barkatu beraien azken jaurtiketetan, errenkadan bigarren garaitia lortuz.
Argi geratu zen hasierako minututan defentsen lehia izango zela eta erritmo geldo batean jokatuko zela neurketa. Etxekoek ezin zuten defentsa itxia zulatu eta aurretik jartzen ziren bakoitzean, donostiarrek berdintzea lortzen zuten. Horrela, hamarna iritsi ziren atsedenaldira,hiriburukoen azken eraso eraginkor bati esker. Hari beretik ekin zuen bigarren zatiak, huts ugari eta gol gutxi. Hala nola, nabarmentzeko datu bat, eibartarren aldetik 11 jokalarik guztira, gutxienez gol bat sartzea lortu zuten.Hori bai, nagusiena Mikel Zuloaga izan zen seirekin. Donostiarren aldetik iazko amaitu gabeko ligan pitxitxigeratu zena, Mikel Royo zazpirekin. Azken eraso eta defentsa eragileei esker laugarren puntua batzeko aukera izan zuten armaginek.
Hierros Servando Eibar Eskubaloiak ezin hobeto hasi du bueltan den liga txapelketa, Asfaltos Redondo Solozabal Navarrete taldea errioxan garaitu eta gero (24-37). Markagailuak erakusten duena baino zailtasun handiagoarekin gailendu ziren eibartarrak. Jardunaldia bukatzeko pare bat neurketa jolasteke dauden arren, armaginak dira ligako lehen liderrak lortu zuten aldeari esker. Lander Casado, armaginen aurtengo fitxaketariko bat nabarmendu zen partidako goleatzaile nagusi bezala 10 golekin. Mikel Zuloagak ez zuen golarekin duen hitzordura falta eta 6 golen egilea izan zen.
Ondo hasi zuten Fernandorenak norgehiagoka hiru goleko aldea lortuz lehendabiziko bost minutuetan. Hala ere, etxekoak suspertu eta berdinketa mantendu zuten lehen zati osoaren zehar. Hori bai, hiru goleko diferentziarekin iritsi ziren eibartarrak atsedenaldira, azkeneko jokaldi oparoei esker. Bigarrena ere ildo beretik jarraitu zuen, armaginek hiru goleko errenta mantendu zuten 40 minutu eta gero. Neurketaren azken herenean, 4-14ko partziala lortuta, garaipena lotu eta Hierros Servando Eibar taldeak lehendabiziko bi puntuak eskuratu zituen.