Beste garaitze itzel bat lortu zuen etxetik kanpo Arrate Eibar Eskubaloiak eta Tolosa bezalako talde baten aurka, gainera(26-29); hirugarren da sailkapenean liderrengandik puntu bakarrera eta neurketarik galdu gabe jarraitzen du. Oso fin aritu ziren eibartarrak hasieratik eta lehen zati ikusgarria egitea lortu zuten. Atzean sendo eta aurrean zorrotz, 10 goleko errenta ere eduki zuten armaginek, dena den, 7 aurretik iritsi ziren atsedenaldira. Esate baterako, lehenengo 25 minutuetan 4 gol besterik ez zituzten jaso gure jokalariek: “Lehenengo zatian landutako garaipena izan da. Eraso eraginkor eta defentsa erabakiorrak bide erreztu digute”, kontent zen Fernando Fernandez entrenatzaile armagina.
Bigarren zatia bestelakoa izan zen, tolosarrak suspertu eta lehenengo 30 minutuetan erakutsitakoa ispilatze bat bakarrik zela baieztatzera kantxaratu ziren, hala ere, oso ondo kontrolatu zuten egoera eibartarrek eta ez zioten etxeko taldeari markagailuan hurbiltzen utzi. “Atsedenaldian geneukan aldeak ezerezean utzi du Tolosarren susperraldia”. Lander Casado eta Jon Barruetabeña izan ziren eibartarren goleatzaile nagusiak, bakoitza 6rekin. Mikel Zuloagak 5 egin zituen eta norgehiagokan gehien egin zituena etxeko Beñat Gibelalde izan zen 7rekin. Etxetik at arituko dira eibartarrak datorren jardunaldian berriro ere, Egia Teila-Fabrika taldearen pistan.