TXAPELDUNAK. Hierros Servando Eibar taldeak Lehenengo Nazional mailako C multzoko liga titulua irabazi berri du, Beti-Onak nafarraren kantxan irabazi eta gero(30-32). Denboraldi ezin hobea burutu dute armaginek, bidean 12 puntu besterik ez dituzte utzi, 30 neurketatik 23 garaipen eskuratuz. Gainera, bigarren talderik goleatzaileena izan da eibartarra, Lander Casado buru dutela arlo honetan. Orain, Zilarrezko Ohorezko mailara igotzeko azken fasea jokatu beharko dute Fernandoren mutilek ekainean, denboraldi zoragarria borobiltzeko.
Asteburuko lehiara itzulita, joan etorriko lehia izan zen,erasoan fin aritu ziren bi taldeak, hala ere, kanpotarrak izan ziren aginte makila autoritate handiz eraman zutenak. “Neurketa parekatua izan zen, berdinketa askorekin. Kontzentrazioa galdu gabe jokatu genuela goraipatzea nahiko nuke, azken minutuetan batez ere”, adierazten du pozik eibartarren entrenatzaileak. Markagailuan aurretik uneoro, jokoan zutena kontuan hartuta, dena eman zuten gure jokalariek bi puntuak segurtatzeko. Arerioak ez zuen eze jokoan, baina aurpegia eman zuen 60 minututan, eibartarren jomuga kolokan jarriz. Hala eta guztiz, gure jokalariak ez ziren kikildu eta maisutasunez nagusitu ziren Atarrabian. “Beti-Onak, talde lehiakorra dela erakutsi zuten, denboraldi osoan zehar bezala eta horrek meritu gehiago ematen dio gure garaipenari, gogor lehiatu baitziren, eta horrek denoi mesede”, bukatzen du Fernandok. Etxeko Eneko Asuabarrena bilakatu zen norgehiagokako goleatzailerik onena 9 golekin; eibartarren aldetik, aldiz, Mikel Zuloaga izan zen onena 7rekin. Arrasatearrak lehengo maila berreskuratzea oso garrantzitsua izan daiteke igoera faseko 3 neurketetarako.
Eibar Eskubaloi taldeen balentriak ez du etenik.Oraingoan, Hierros Servando Eibarren bigarren taldeak beste ekintza gogoangarri bat burutu du Bigarren Nazional mailara igo eta gero. Multzoko bigarren partida Ordizia Siglo XX Plater Prestatuaki irabazi ondoren (30-26), matematikoki lortu zuten igoera. Bukaera arte erabaki ez zen emozioz beteriko norgehiagoka izan zen, non atezainen gelditu eta gutxiagotasun egoeretan erakutsitako mailari esker bi puntuak lortu zituzten. Ormaiztegi eta Egia Kosko Taberna taldeen arteko berdinketari esker, mailaz igotzea lortu zuten gure mutilek. Zorionak guztioi.