Ezin izan zuen gizonezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi lehen taldeak garaipenik lortu Uharteri egindako bisitan (29-27) eta laugarren postuan jarraitzen duen arren, Tolosak irabazi zuenez bi taldeak berdinduta ageri dira sailkapenean. Hori dela eta, datorren jardunaldian, azkenean, hain zuzen ere, erabakiko da dena. Eibartarrek Trapagarani egingo diote aurre Ipuruan eta tolosarrak Beti Onaken kantxan arituko dira. Ea laugarren postuan bukatzen duten liga armaginek.
Uharten jokatutako norgehiagoka nahiko parekatua suertatu zen, lehen zatia eibartarrena, bigarrena etxekoena, atsedenaldira armaginak aurretik iritsi ziren, hala ere, ondo irauli zuten markagailua nafarrek bigarrenean bi puntuak poltsikoratzeko. Joan etorri askoko neurketak eskuetatik ihes egin zion talde eibartarrari. Gure Jon Barruetabeña izan zen partidako goleatzailerik nagusiena 8rekin.
Denboraldiko 18. Garaipena gizonezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloi taldearentzat Tarazonaren aurka Ipuruan (32-27). Zailtasun askorik gabe gainditu zuten etsaia armaginek eta 37. Puntua batuta laugarren postuan finkatuta geratzen dira bi partiduren faltan. Jon Barruetabeña (11), Andoni Yarza (7) eta Garikoitz Viguera (5) jokalarien artean eibartarren golik gehienak egin zituzten (32tik 23 guztira).
Aginte makila eskuan ondo hartuta nagusi izan ziren armaginak 60 minutuetan zehar, arerioari aukera bakar bat ere ez eman gabe. Lehen ordu laurdeneko 10-4ko partzialak libre eta garbi utzi zien etxekoei garaipenaren bidea. Hortik aurrera ez zen gauza garrantzitsurik gerta, Fernandorenak aurretik abantaila nahikoarekin zaletuei beste garaipen bat eskaintzeko. Pare bat neurketa geratzen zaio taldeari denboraldiari amaiera emateko, lehena Uharteren kantxan datorren jardunaldia eta, azkena, Ipuruan Trapagaren kontra.
Lortu zen balentria. Denboraldi zail, gogor, baina arrakastatsu batean, emakumezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloiak jaitsiera postuak ekiditea lortu zituen, azken jardunaldian Lagunaken aurka Ipuruan berdindu ondoren (16-16). Azken hatserarte borrokatu behar izan zuen talde armaginak, urte osoan zehar egin duen bezala, saria eskuratzeko. Bagenekigun aurretik liga zaila izango zela, partidu gogorrak egongo zirela, hala ere, izugarrizko lana eginez uste baino hobeto borobildu du denboraldia talde eibartarrak. 12. Bukatu dute txapelketa 12 punturekin maila mantenduz, gehien bat azken bi neurketetan lortutako emaitza positiboei esker, eta nola ez, Ipuruan bildu ziren zaletuei esker ere. Harmailetatik bultzada nabaritu zuten armaginek, behar zuten indarra jasoz.
Pasa den jardunaldian lortutako garaipenari jarraipena eman behar zitzaion balekoa izateko. Garaipenak ala berdinketak balio zien gure neskei Lagunaken aurretik geratzeko, eta espero zen bezala lehia oso estua izan zen. Argi geratu zen lehen zatian asko zegoela jokoan eta akats ugari egin zituzten bi taldeek urduritasuna medio. Gol gutxiko lehen zatia izan zen, errore askorekin. Etxekoek, batez ere, nabari zuten presioa zaletuen bultzada izan arren, etsaia baino gutxiago izan zen talde armagina. Hala eta guztiz, ondo eutsi zuten eta atsedenaldira gol bat azpitik heltzea lortu. Mantentzen zen esperantza. Finago atera ziren bi taldeak bigarrenean, sabeleko tximeletak behin desagertuta gogor ekin zioten lehiari. Parekotasuna ikaragarria zen eta argi zegoen xehetasunek argituko zutela emaitza. Hartu eman estu bat eta gero, minutu gutxiren faltan bi gol aurretik jarri ziren Andoniren neskak eskuin hegaletik lortutako hiruzpalau golei esker. Baina azken minutuan, berdintzea lortu zuten nafarrek eraso azkarrak eginez. Dena berdinduta zegoela, armaginek huts egin zuten azken aukeran eta kanpotarrek maixuki sortu zuten kontraerasoa segundu gutxiren faltan, jaurtiketa garbia egitera zihoazenean epaileak partida eten zuen. Lagunakeko entrenatzaileak hutsartea eskatuta zeukan lehenagotik eta ezerezean geratu zen kontraerasoa. Azken aukera ez zuten aprobetxatu nafarrek eta berdinketa eta salbamena Ipuruan geratu ziren, denboraldi zail, baina eder bati amaiera borobila emanez.
Ane Montiel izan zen gure goleatzailerik onena, baina ezin dugu inor kanpoan utzi. Itxaso de Diego, Malen Aja, Nahia Benitez, Maitane Velasco, Amaia San Martin, Nahia de Castro, Maialen Insausti, Irune de Castro, Karmele Hurtado, Lucia Gutierrez, Lucia Zubizarreta, Irati San Martin, Garazi Kortabarria, Ane Treviño, Jone Aldai, eta nola ez, Andoni Perez, Eneritz Gonzalez eta talde hau osatzen duten guztiei. Baita zaletuei ere, beraien bultzada gabe ezinezkoa izango litzateke eta. ESKERRIK ASKO DENOI ETA ZORIONAK!!
Garaipen itzela emakumezkoen Mecalbe Eibar Eskubaloiak lortu zuena Omega Peripherals Basauriren kantxan (19-22). Neurketa bikaina burutu zuten armaginek eta jaitsiera postuetatik at dira orain momentuan. Irabazi beharra dago azken jardunaldian Lagunaken kontra, hori bai, emaitza positibo honekin berdinketak ere balio die eibartarrei. Larunbatekoan zoragarri aritu ziren, aurretik markagailuan une oro, bigarren zatian aldea zabaltzea lortu zuten Andoniren neskek sei goleko errenta ere lortuaz. Azken minutuetan hurbiltzea lortu bazuten ere etxekoek, ondo eutsi zioten armaginek abantailari bi puntuak poltsikoratzeko. Gure Amaia San Martin izan zen partidako goleatzailerik onena 5ekin, etxeko Maider Marcosekin batera. Bi aste barru izango da Lagunaken aurkako neurketa erabakiorra Ipuruan, indarrak berreskuratu eta ondo prestatzeko aukera bitartean.