Hasieratik nagusi izan ziren Andoniren neskak, arerio xamurra espero zen, oraindik punturik irabazi ez duena, hala ere, lehen zatiaren azken partean berdintzea lortu zuten zurigorriek atsedenaldira ezustea emanez berdinketarekin. Dena den, bigarren zatian erabaki zuten eibartarrek lehia, hasierako 10 minutuetako 4-0eko partzialak argi utzi zituen gauzak eta bi puntuak Ipuruan. Gure Maitane Velasco izan zen norgehiagokako goleatzailerik nagusiena 6rekin. Bigarren garaipena jarraian lortu, moralez bete eta datorren asterako prest Kukullaga Etxebarri taldeari bisita egiteko.
Gertu geratu ziren Fernandoren mutilak, gutxienez puntu bat etxera ekartzeko, hala eta guztiz, eduki zuten aukera ez zuten aprobetxatu, azken 10 minutuetan bi gol aurretik baitziren armaginak. 7-3ko azken partzialak Bizkaian utzi zituen bi puntuak eta orain bertan berdinduta dira bi taldeak sailkapenean 19 punturekin. Porrota jasan arren gure Garikotz Viguera eta Egoitz Blanco bilakatu ziren neurketako goleatzailerik onenak bakoitza 6rekin. Datorren asteburuan Palautordera Salicru talde katalanaren bisita jasoko dute eibartarrek Ipuruan, aho zapore garratz hau kendu nahian kantxaratuko dira.
Zorte txarra beste behin neskena larunbatean, ezin izan zuten punturik ekarri eta Lagunaken aurka galdu zuten. Norgehiagoka estua eta lehiatua izan zen eta edozeinek irabazteko aukera izan zuen, hala eta guztiz, balantza etxekoen alde erori zen. Bigarren zatian aldea zabaltzea lortu batzuten ere, eibartarrek gerturatzea lortu zuten, baina ezin errematea eman. Etxeko Naroa Izco bilakatu zen goleatzaile nagusia 9rekin. Amaia San Martin eta Lucia Zubizarreta armaginen aldetik 4kin. Lehen itzulia bukatuta 13. Dira eibartarrak 4 punturekin.