Bi puntu oso garrantzitsu mutilek lortu zutenak ere Ereintza talde errenteriarra garaitu ondoren. 13 punturekin laugarren dira armaginak, hori bai liderrak trapagaranen galdu ondoren lehen postua puntu batetara bakarrik dago. Nagusi izan ziren Fernandoren mutilak 40 minutuetan zehar eta hasierako 8-1 partzialak argi utzi zuen nork eramango zuen aginte-makila lehiaren zehar. Asken hatsean kanpotarrek aldea murriztea lortu bazuten ere etxekoek zoragarri eutsi zioten markagailuari bi puntuak Ipuruan lagatzeko. Aipatu beharra dago berriro ere gure jokalarien gol jarioa beste astebetez, 35 golen langa pasa baitzuten, eta betiko legez, Mikel Zuloaga izan zen goleatzailerik onena 9rekin eta lehen postuan jarraitzen du pitxitxien taulan. Kanpotarren Iker Mugikak ere 9 egin zituen eta gure Garikoitz Viguerak beste zazpi. Lidertza galdu berri duen Casademont Zaragoza izango da hurrengo arerioa, azterketa zaila baina aurrera atera dezaketen proba gure mutilentzat.
Talde lan zoragarri batekin lortu zuten garaitzea Andonire jokalariek. Horren adierazle garbia golen egileak izan ziren, guztira 12 armaginek lortu zuten gutxienez gol bat sartzea bi puntuak eibarrera ekartzeko. Gorabehera askoko lehia izan zen, hasiera ikusgarria egin zuten eibartarrek eta zazpi goleko errenta ere edukitzea lortu zuten lehendabiziko ordu laurdenean. Hala ere, berehala ikusi zen noren aurka jokatzen ari ziren eta atsedenaldirako hurbiltzea lortu zuten etxekoek. Gainera, bigarren zatiaren hasieran berdintzea ere lortu zuten zarauztarrek neurketa parekatuz. Baina, sarritan aipatzen dugun bezala ezin ditugu gutxietsi gure jokalariak eta duten grina eta adorea kanporatu zuten berriz ere aldea zabaltzeko markagailuan. Ez zuten amore eman nahi zarauztarrek eta diferentzia murriztu zuten beste behin. Hala eta guztiz, eibartarrek abantaila mantendu eta azkeneko segundurarte sufritu bazuten ere garaipen itzela etxerako. Loyola taldea jasoko dute Ipuruan datorren astean armaginek bolada onari jarraipena emateko asmoz.
Ipuruako partida aztertzen badugu lehendabiziz, historia handirik gabeko lehia izan zen eta hasiera batetik dominatu zuen talde armaginak neurketa. Mikel Zuloagaren 11 eta Alex Puenteren 6 golei esker berehala bideratu zuten partida eibartarrek, hala ere, ordu laurden tardatu zuten, aurpegia eman baitzuten bizkaitarrek eta ederki lehiatzen hasi ziren. Dena den, Fernandoren mutilen kalitatea agerian geratu zen eta aldea zabaltzen joan ziren partida pasa ahala. Nabarmentzekoa izan zen atzelarien lana eta defentsan egindako lan guztia, garaipenaren oinarria izan baitzen. Ez gara nekatuko Mikel Zuloagaren izena aipatzeaz berriro ere goleatzailerik onena izan baitzen eta lehen postuan da ligan gehien sartzen dituztenen artean. Konfiantza berreskuratzeko balio izan duen neurketa, hurrengokoan pentsatzen hasiak dira jada eibartarrak, Egia teila fabrikari egingo dioten bisitan, alegia.
Gure neskek, bestalde, ezin izan zuten punturik harramazkatu eta hurbil-hurbil geratu ziren beste asteburu batez. Gol gutxiko partidak suertatzen ari dira defentsan egiten duten lan onari esker, hala eta guztiz, bi puntu besterik ez dituzte batu orain arte eta beheko postuetan dauden arren, sentzazioak ez dira hain txarrak eta egoerari buelta emango dioten esperantza dugu denok. Neurketara itzuliz markagailuan atzetik izan ziren 60 minutuetan zehar armagiñak eta azkenengo minutuetan gol batetara hurbiltzea lortu batzuten ere, bizkaitarrak izan ziren garaile. Nahia Benitez izan zen gure jokalarien artean erasoan hobekien egon zena 4 gol egin baitzituen, etxeko Kamilla Klara Korpaczyrekin batera, beste 4 egin baitzituen etxeko jokalariak. Hori bai, puntuak batzen hasi nahi badu gure taldeak erasoan finago ibili beharko da, liga osoan batez beste 20 goletara iritsi ez den talde bakarra baita, hala ere, badakigu gai direla gure jokalariak. Datorren astean ere etxetik at arituko dira armaginak eta arerio gogor baten aurka, gainera, Aiala Zarautz izango da kontrarioa, alegia. Aitzindari bezala, azkenengo neurketa bi talde hauen artekoa, etxekoen alde izan zen, hala eta guztiz, gogor borrokatuko dutela argi daukagu.