Eskubaloiko zaleek jardunaldi ederraz gozatu ahal izan zuten asteazken honetan Ipuruan. Mek Eibar Eskubaloia taldeko gizonezkoen lehen taldeak CD Bidasoa Irun taldearen aurka galdu zuen (35-44), Euskadiko Kopako finalerdietan.
Harmailak bete egin ziren, partidaren hasieran markagailua aurretik mantendu zuen Eibarrentzat, Bidasoak lehen 13 minutuetan bi hutsarte eskatu behar izan zituelarik. 15. minututik aurrera, ordea, Asobaleko taldeak asko presionatu zuen defentsan zein erasoan, 11 goleko aldea lortuz. Amaieran galdu zuen arren, Eibarrek bigarren zatian zehar partidua orekatzeko aukera izan zuen.
Hurrengo asteburuan ligako beste partida bati aurre egin beharko diote eta, entrenatzaileak argi utzi duenez, helburua irabaztea da. Fernando Fernandezen mutilek BM Utebo talde zaragozarraren aurka borrokatuko dute larunbat honetan, 18: 30etan, Ipuruan.
Mek Eibar Eskubaloia taldeko neskek ere aurkari zail baten aurka jokatuko dute, oraingoan Kantabrian. Castro Urdiales joan den denboraldian eliteko bi jokalari zituen taldea da eta oraingoan Zuazoko lehen taldeko jokalari ohi bat ere badu. Egia da euren denboraldia ez dela modurik onenean hasi eta duela bi partida entrenatzailea aldatu zutela, baina Eibartarrek oso gogoan dute euren aurkariak maila altua lortu nahi duela. Hori dela eta, ezinbestekoa da aurkaria erasoan kontrolatzea eta, horrela, kontraerasoa aprobetxatzeko aukera izango dute. Eibartarrek azken jardunaldietan erasoan erakutsi duten sintonia onari eutsi beharko diote partida garrantzitsu bat irabazi ahal izateko. Zalantzarik gabe, gogor borrokatuko dute.