Itzuli dira Arrate Eibar Eskubaloiko lehen taldeko neskak kantxetara eta pasa den astelehen hasi ziren entrenatzen 2022/2023 denboraldia ahalik eta hobekien prestatzeko. Ilusio eta gogo biziz bueltatu ziren, aurten, iaz bezala, erronka berri bati egingo diote aurre gure jokalariek eta prest egotea ezinbestekoa da. Zilarrezko mailan egingo dute debuta armaginek eta lehenago aipatu dugun bezala desafio izugarria izango da. Hasierari begira, klubak ez du fitxaketa berririk egin, hori bai, oinarrizko jokalari multzoak jarraitzen du, gehienen berriztatzeei esker. Nagusienetarikoa entrenatzailea izan da, Andoni Perezek jarraitu egingo du gidari lanetan. Badaki ez dela ahaika erreza izango, “Bigarren urtez jarraian liga berri batera moldatu behar gara”, baina Andonik argi du zein den jomuga: “Gure helburua maila mantentzea da”.
Entrenatzaileaz gain, Irune de Castro, Maialen Insausti, Ane Montiel, Amaia Oyarzabal, Malen Aja, Maitane Velasco, Nahia Benitez eta Itsaso de Diego jokalariek kontratua berriztu dute. Gainera, Nagore Ruiz, Naia Basterra eta Elena Iriartek bigarren taldearekin jokatuko dute, baina lehenarekin aritzeko fitxa egina. Hortaz aparte, Lucia Gutierrez, Leire eta Ane Treviño eta Naia de Castro filialetik lehen taldera igotzen dira. “Pasa den urteko talde berdina daukagu eta esperientzia falta somatuko dugu maila honetako ligan”, aitortzen du Andonik, hala ere, eibartarren maila ikusita azkenaldian gauza handiak espero ditzakegu.
Irailetik aurrera hasiko da liga berria gure neskentzat. 14 taldez osaturiko multzoa izango da eta guztiek elkarren aurka aritu beharko dute bi itzulitan. Zilarrezko mailako B multzoan finkatuta daude armaginak eta Aiala Zarautz, Helvetia Anaitasuna edota Gurpea Beti-Onak moduko aurkari gogorrak izango dituzte etsai. Baita talde ezagunagoak ere, Omega Peripherals Basauri, Kukullaga Etxebarri, Lauko Ermuko Errotabarri eta Gaurve Asesores Elgoibar, adibide moduan. “ Erronka handia izango da guretzat zeren talde guztiek fitxaketa asko egin dituzte eta maila altuko liga espero da”, dio Andonik. Loizaga construcciones Castro-Urdiales, Schär colores Zaragoza, BM Loyola, Lagunak, NAIBC San Adrian eta Imdeam La Jota izango dira eibartarren beste arerioak txapelketan.
Armaginen helburu nagusia, lehenago aipatu dugun bezala, jaitsiera postuak ekiditea izango da. Azkeneko bi sailkatuak dira zuzenean maila galduko dutenak. Aurreneko biak, aldiz, igoera fasea jokatzeko aukera izango dute. “Gu, taldekide guztiak pauso handia egin beharko dugu aurrera helburua lortzeko”. Argi du Andonik zein den gakoa. Lehen jardunaldia Ipuruan jokatuko dute Imdeam La Jota talde zaragozarraren aurka, irailak 17 larunbatean arratsaldeko 18:30etan. Baina momentua iritsi arte gogor lan egin beharra dago. Oztopoak gaindituz bidea eraiki.